Bertakoa bertakoen eskura jartzeko, HemenGuk azoka
Oiartzun Burujabeko Elikadura Mahaiak bultzatuta, HemenGuk azoka egingo dute astelehenero, 17:30etik 18:30era, Kontzejupean. Urtaro aldaketarekin batera egiten dutena ere mantenduko dute.
Astelehenero Kontzejupean egingo dute azoka, 17:30etik 18:30era.L. Perlines Apalategi Irailak hogeita bat ditu. Astelehena da, astelehen gorri bat, baina Oiartzungo plaza bizirik dago. Haurrak, gazteak, helduak… denak bildu dira Doneztebe plazaren bueltan. Bakoitza bere zereginetan murgilduta dago, baina arratsaldeko bost eta erdiak jo dituenean eta Kontzejupetik musika hotsak entzuten hasi direnean hara hurbildu dira denak.
Zenbaitek asteroko hitzordua izaten dute arratsaldeko seietan, Arraztalok astelehenetan banatzen baititu saskiak, baina beste asko kuriositateak jota gerturatu dira hara, HemenGuk azoka prestatzen ari baitira zenbait ekoizle.
Arraztaloz gain, Gezamina, Zituene, Arabolaza, Peluza eta Larremotxeko produktuak eskuratzeko aukera dago hemendik aurrera astelehenetan, 17:30etik 18:30era. Azoka irekia da, eta edonor bertara daiteke hara erosketak egitera. Aipatutakoak aste honetan egon diren saltzaileak dira, baina HemenGuk komunitatea osatzen duten gainerako ekoizleek ere posible dute bertan egon.
Oiartzun Burujabek bultzada
Azoka hau ez da gauza berria; pandemia ostean hasi ziren egiten, eta jendeak ondo erantzuten zuen etxean denbora asko pasa berritan zirelako denak. “Gustu handiz ateratzen zen jendea kalera eta azokara, baina hilabeteak pasa ahala gero eta jende gutxiago hasi zen gerturatzen”, kontatu du Ioana Iguiñez Oiartzun Burujabeko eta Gezamina elkarteko kideak.
Bere postuaren atzean dago Iguiñez, eta kontatu du ekoizleak ere planteatzen hasi zirela ea azokak merezi zuen. “Larritu egin ginen, eta Elikadura Mahaitik bultzada bat ematen saiatu gara herritarren artean berriz ere bertako elikaduraren onurak berpizteko”.
Gezamina postuaren ondoan Zituenekoa dago, eta bertan dago Naiara Retegi. Pasta freskoa saltzen du Kontzejupean, eta nabarmendu du eurek nahi dutena azoka bizi bat izatea dela: “Herritarrak etortzea nahi dugu, bertaratzea, eta jakin dezatela asteroko zerbait dela eta ez gauza puntual bat”.
Herritarrak Doneztebe plazara gerturatzeko ahalegin horretan ari dira herriko ekoizleak; “azoka indartu nahi dugu”, Retegik. “Azokaren denbora luzatu dugu, ekoizle gehiago gonbidatu ditugu… Orain helburua da jendeak jakitea postu hauek ez direla soilik Arraztaloko saskia hartzen dutenentzat, baizik eta herritar guztientzat dela. Azoka irekia da”.
Gezaminakoak bide beretik jarraitu du bere hitzartzea: “Bertako produktuei behar bezalako aipamena egin nahi diegu azokarekin”. Bide horretan, dio bertakoa kontsumitzea garrantzitsua dela bertako nekazariak eta ekoizleak laguntzeko.
Olga Leibar HemenGuk azokako postuak ikusten ari denetako bat. Urteak daramatza Arraztaloko kide izaten, eta, beraz, ez da berria harentzat herriko ekoizleen postuak bertan ikustea: “Hasieran barazkiak jasotzen genituen arratsaldeko seietan, eta batzuetan saltzaile batzuk etortzen ziren. Gauzak aldatu egin dira orain, eta ikusten den bezala orain barazkiez gain ogia, gazta, pasta, arrautzak eta bestelakoak daude. Nik horrelakoak hemen erosten ditut”.
Herriko dendariak ez desagertzeko
Leibarrek, beraz, herrian erosten ditu ahalik eta produktu gehien, eta argi dauka horren atzean helburu bat dagoela: “Oiartzungo plaza eta Oiartzungo dendariak ez desagertzea da nahia. Ni banako bat naiz, baina ni bezalako asko elkartzen badira ez dira herriko ekoizleak desagertuko”.
Kontatu duenez, haragia bertako harategian erosten du; arraina ere arrandegian; fruta, fruta dendan… “Beheko plazan esnea ematen duen makina bat dago, eta etxe ondoko baserritik ekartzen du esne pasteurizatua. Badakit nondik datorren, eta guk hortik erosten dugu”, gaineratu du azokari begiratzen dion bitartean. Alabaina, herrian erosteak ere baditu onura gehiago Leibarrentzat: “Zabor gutxiago sortzen da”. Hona haren desioa: “Nik HemenGuk azoka bultzatu nahi dut, baina ez hori bakarrik, gehiago indartzea ere gustatuko litzaidake”.
Azkenik, Leibarren aldarrikapen bat: “Prezioa ez da izugarrizkoa, baina hori alde batera utzita, kalitatea asko landu behar dela pentsatu behar dugu. Baratzerik gabe geratzen bagara ea zer jan behar dugun. Iritsiko da une bat non ezingo dugun janaria inondik ekarri, eta horren aurrean guk gai izan behar dugu geurea ekoitzi eta jateko”.
Leibarren nahiekin bat egiten duen herritar orok, beraz, aukera izango du astelehenero herritarren produktuak eta garaian garaiko produktuak eskuratzeko. Hala ere, urtaro aldaketarekin batera larunbatetan egiten dutena ere mantenduko dute.
