Udal gobernu taldeak 2027ko zerga ordenantzen proposamena aurkeztu du
%2,4ko eguneraketa aplikatzea proposatu dute, nahiz eta zenbait kasutan izozteak ere aurreikusi dituzten. Proposamena ordezkaritza duten alderdi politikoei aurkeztu zaie.
Errenteriako udal gobernu taldeak 2027ko zerga ordenantzen proposamena aurkeztu du, eta datorren urteko aurrekontuak prestatzeko, %2,4ko eguneraketa orokorra proposatu du zerga ordenantzetan.
Proposamen horrek prezio publiko gehienetan fiskalitate progresiboa ezartzea jasotzen du, baita, besteak beste, zenbait zerga neurri; hala nola, etxebizitza, tokiko garapena, trantsizio ekologikoa eta gizarte kohesioa.
Diotenez, proposamenaren helburua “kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzea da, gizartearen beharren eta aurrekontu egonkortasunaren arteko oreka bilatuz”. Eta, era berean, diote zerga ahalegina “modu bidezko eta orekatuan” banatu nahi dutela “bizi dugun inflazio handiko testuingurua kontuan hartuta”.
Bide horretan, nabarmendu dute Errenteriako biztanleko zerga bilketa Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Gipuzkoakoa baino txikiagoa dela.
Etxebizitza
Udal gobernuaren proposamenak etxebizitzaren arloan indarrean dauden zerga neurriei eman die jarraipena, betiere Errenteria Eremu Tentsionatu izendatzeko adierazpenean ezarritako helburuak lortzen laguntzen duten neurriak direla kontuan hartuta.
Hori horrela, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga izoztea proposatu dute “zerga karga arintzeko eta dagoen etxebizitza birgaitzea sustatzen jarraitzeko”.
Tokiko garapena
Tokiko garapena udalerriarentzat “estrategikoa” dela diote, eta, beraz, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta lurzoruaren aprobetxamendurako zein merkatuetarako tasak izoztea ere proposatu dute.
Halaber, proposamenak lehen aldiz Turismo ostatuetako Egonaldiaren gaineko Zerga jasotzen du, ostatu motaren araberako tarifa ezberdinekin. Ildo horretatik, azpimarratu dute establezimendu guztiei aplikatuko litzaiekeela tarifa minimoa, etxebizitza turistikoei izan ezik. Izan ere, horiei gehieneko tasa aplikatzea proposatu dute “Eremu Bizitegi Tentsionatuaren izendapenaren esparruan garatzen ari diren etxebizitza politikekin bat etorriz”.
Trantsizio ekologikoa
Arlo honi dagokionean, hondakinen tasa izoztea proposatu dute hondakinen 7/2022 legeak ezarritako helburua bete delako. Ur horniduraren eta estolderiaren tasak ere izoztu nahi dituzte.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) dagokionez, Pasaiako Portua Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen (BICE) kategorian sartuko da. Horri esker, jarduera horrek eragindako kalte edo eraginengatiko konpentsazioa jaso ahal izango da. “Laster” bizikletentzako aparkaleku itxiak martxan jarriko direla eta, udal-aparkalekuetan bizikletentzako tarifa berri bat sortzea ere proposatzen da.
Gizarte kohesioa
Familia ugarien kasuan egiten den bezala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan progresibitatea aplikatzea proposatu dute guraso bakarreko familien eta genero indarkeriaren biktimen kasuan.
Era berean, gazteentzako etxebizitzen, tutoretzapeko etxebizitzen, aldi baterako ostatu etxebizitzen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren tasak izoztea planteatu dute.
Diotenez, udal gobernuaren asmoa da 2027rako ordenantza fiskalak datorren urriko udalbatzan eztabaidatu eta erabakitzea. Horregatik, diote, proposamena udalerrian ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoei aurkeztu zaiela “haien ekarpenak jaso eta, egoki joz gero, udal gobernu taldearen proposamenean txertatu ahal izateko”.
