Arraztalok buru osasunaren gaia gizarteratuko du hitzaldi ziklo batekin
Buru osasunaz modu irekian hitz egitea da jardunaldien helburua, esperientziak elkarbanatu eta bide berriak eraikitzeko. Ostegunean izango da lehen saioa.
Hilaren 10ean Buru Osasunaren Munduko Eguna da, eta ildo horretatik Arraztalo Elkarteak hitzaldi zikloa antolatu du. Iragarri dutenez, hiru hitzaldi antolatu dituzte, eta horiek buru osasuna eta honen arazoak gertutik ezagutzen dituzten pertsonek emango dituzte. Saioak hilaren 8an, hilaren 22an eta azaroaren 5ean izango dira, eta guztiak 18:00etan izango dira, udaletxeko pleno aretoan.
Topaketa horiek irekiak dira, eta Arraztalok herritar guztiak gonbidatu ditu saioetara, zikloaren helburua baita “buru osasunaren inguruan dauden kezkak, zalantzak eta erronkak bistaratzea”. Hori horrela, lehen saioa ostegunean (hilak 8) izango da; Buru osasuna Oiartzunen: zein da zure iritzia? lelopean antolatu dute jardunaldia, eta bertan Arraztaloren hamasei urteko ibilbidea eta gaur egungo ikuspegia emango dituzte ezagutzera. Horretaz gain, baina, aurreratu dute hiru oiartzuarrek euren esperientziaren berri emango dutela.
Bigarren saioa Buru osasuna familian: nola kudeatu egoera gaixo daudenean izango da, eta bertan buru osasunaren inguruko oinarrizko kontzeptuak eta errekuperazio bideak landuko dituzte. Hilaren 22ko saio horretan estigma sozialari, estigma familiarrari eta autoestigmari aurre egiteko gakoak aztertuko dituzte. Agifes elkarteak gidatutako saio praktikoa izango da, eta egun horretan nabarmentzen diren saioak hurrengo hitzaldiaren egunean landuko dituztela jakinarazi dute.
Buru osasuna modu irekian lantzeko
Azkenik, hirugarren saioa azaroaren 5ean izango da; egun horretan Herritarren ahotsa Buru Osasunaren inguruan: zuen galderak, denon erantzunak hitzaldiaren txanda izango da, eta nabarmendu dute azken jardunaldi hori senideei zein herritarrei irekitako saio parte hartzailea izango dela. Egun horretako topaketa ere Agifesek gidatuko du, eta bertan parte hartzaileen zalantzak, kezkak eta aurreko bi saioetan nabarmendutako gaiak jorratuko dituztela azaldu dute.
“Helburua guztion artean estigmarik gabeko espazio bat sortzea da, buru osasunaz modu irekian hitz egiteko, esperientziak elkarbanatzeko eta bide berriak eraikitzeko”.
