Gaintxurizketako gune logistikoaren inpaktu txostenaren kontra egin du Eguzkik
Taldeak azaldu du Jaurlaritzaren txosten hori osatu gabe dagoela, eta gune logistikoa kokatuko luketen eremuari bakarrik dagokiola ingurumen ebaluazio agiri hori.
Gaintxurizketako irudi orokorraEuskadi.eus Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzako Inguruen Administrazioaren Zuzendaritzak Gaintxurizketan egin nahi den gune logistikoari buruzko Informazio Azterlanen ohiko ingurumen ebaluaziori buruzko kontsulta bidali du Lezoko Udalera, hark erantzuteko. Eguzki talde ekologistak erantzuna horren kontrakoa izatea eskatu du, egitasmoaren beraren aurka egitearekin batera. Idazki bat landu du horretarako Eguzkik: “Gure ustez, esku hartze hori ezetsi egin behar da ingurumenean dituen inpaktu larriengatik , eta hala eskatu diogu Ingurumen Sailburuordetzari”.
Idazki horretan taldeak azaldu du Jaurlaritzaren txosten hori osatu gabe dagoela, eta gune logistikoa kokatuko luketen eremuari bakarrik dagokiola ingurumen ebaluazio agiri horrek. “Eremu horretatik kanpo garatzen diren baina haren parte diren jarduketen inpaktuak alde batera utzi dute. Azterlanak ez du proiektuak eragiten dituen ingurumen-inpaktuei zuzenean eragiten dien beharrezko informaziorik, hala nola: salgai-mota, garraiatu beharreko tonak, portuaren eta intermodalaren artean egin beharreko desplazamendu-kopurua, eta bestelakoak”.
Gabezia horiez gain, txosten horretan ageri diren hiru inpaktu “larriak” direla azaltzen da agiri horretan bertan, “eta ez da gutxiagorako”, esan du Eguzkik: “Gure ustez, ez du azpiegitura horren beharra behar bezala justifikatzen, eta eragiten dituen ondorioak larriak dira; kasu askotan, konponezinak”.
Honakoak dira, Eguzkik hitzez hitz adierazi bezala, kalte larri horiek:
- Lurren 31 hektarea artifizializatzen dira, eta horietako batzuk balio agrologiko handikoak dira. 51 futbol-zelaik hartzen duten azalera, gutxi gorabehera. Klima-aldaketaren ondorioak, biodibertsitatearen galera, batasunaren intereseko habitatak eta abar azpimarratuz.
- Ondare arkeologikoaren aurka egiten dute zuzenean, eta bi baserri suntsituko dituzte, biak XV. mendekoak, eta kultura-ondasun izendatuak. Baita baserri horiek dauden balizko arkeologia-gunea ere.
- Iturrin industrialdeko enpresa batzuk lekuz aldatzea eragiten dute.
- Eremuaren ekialdeko muturrean etxebizitza-eraikinak eraistea eta hustea eragiten dute.
