Lezoko Gau Beltza, ekitaldiz betea
Herriko eragileek bat egin dute Gau Beltzari hauspoa emateko. Hilaren 31rako, eta aurreko egunetarako, jarduera sorta antolatu dute.
Iazko Lezoko Gau Beltzaren une bat. Euskal Herriko herri kulturaren muinean den Gau Beltzaren lanketa zabala egin dute Lezoko eragileek. Horren erakusle da hilaren 31rako, eta aurretik, jarduera sorta antolatu dutela. Heriotzaren, doluaren, eta horien inguruan diren sinesmen, uste eta egitateen gaineko informazioa emateko hitzaldiak antolatu dira besteak beste, eta nola ez, Gau Beltza bera ere egingo da horren prestaketarako aurrelan eta guzti.
Lehen ekitaldia gaur (ostirala) da, Gaxuxak antolatua. Iñaki Olaizolak hemen eta urrunean heriotza nola ulertzen den azaltzeko hitzaldia emango du 18:00etan Kultura Aretoan. Bihar (larunbata), berriz, Lezoko Zinema Ttikiaren emanaldi bikoitzaren barruan, Aitatxo dokumentala emango dute 19:00etatik aurrera Gezalan; seme-alaba baten galeraren doluaz hitz egiten da ikus-entzunezkoan, eta hura ikusi ondoren, solasaldia izango da lanean parte hartu dutenekin. Heriotzaren gaineko gaiekin jarraituz, azaroaren 2rako (18:00etan, Kultura Aretoan) hitzaldia antolatu dute Talaiak eta Hezikuntzak Naroa Martinez irakasle eta psikologoarekin: Heriotza haurrekin izenburupean, etxeko txikienekin gaiaz nola hitz egin azalduko du.
Horiek bitartean Lezoko haur eta gazteentzako aisia eremuetan Gau Beltzaren gaineko lanketa egiten ari dira. Adibidez, ludotekan Gau Beltzaren gaineko informazioa ematen ari dira haurrei bertako hezitzaileak, eta aldi berean tailerrak, bideoak eta bestelakoak lantzen ari dira. Kuadrillategin eta Faktoriaren ere gaiari eutsi diote, eta gaur (ostirala), esaterako, Gau Beltzaren inguruko hainbat ekintza egingo dituzte, eta hilaren 30ean Izu Etxea jarduera.
Bestalde, hilaren 31ko Gau Beltzari begira, hilaren 30eko arratsaldean Gurutze Santuaren plaza apaintzeko aukera izango dute hala nahi dutenek; baten batek etxean apaingarriren bat balu, hara eramateko eskatu dute antolatzaileek. Gainera, Aiton Amonen Bordako kideek txokolate beroa emango diete partaideei.
Itzalitako kalabazak berpiztera gatoz… Hori da Lezoko Gau Beltzaren antolatzaileek esan dutena. Beraz, berpizte horren egitaraua ikusteko, kasu egin beheko koadroari, hor baitago hilaren 31rako (larunbata da) antolatu diren ekitaldien zerrenda.
Lezoko Gau Beltza
Hilak 31, larunbata
- 19:00. Gurutze Santuaren plazatik abiatuta, kalejira. Sutargi abesbatzaren eta Murixka dantza taldeko kideen emanaldiak ere izango dira.
- 20:00-20:30. Gaztaina banaketa.
- 20:30. Atzekoaten, Orratx! Antzerki Taldearen lehen emanaldia.
- 21:15. Atzekoaten, Orratx! Antzerki Taldearen bigarren emanaldia
