Umorezko bakarrizketak, Hamabostaldiaren baitan
10:00etan bakarrizketa saioa egingo dute, Beñat Iturbe, Jone Bengoa eta beste hainbatekin batera. 18:30ean Barrexerka konpainiak 'Patatekin' obra antzeztuko du.
Askotariko ertzetatik heldu daiteke euskara, bai zinematik, bai kiroletik, bai literaturatik… Hori egiten ari da, hain justu, Errenteriako Udala Euskararen Egunaren Hamabostaldiarekin. Abenduaren 3rako motorrak martxan jartzen hasteko hainbat ekintza antolatu ditu. Azaroaren 22an Sokatira Txapelketa Herrikoia egingo dute, eta azaroaren 12an, berriz, umore saioak egingo dituzte Niessen aretoan.
10:00etan bakarrizketa saioak egingo dituzte Beñat Iturbe, Mikel Irazusta, Jone Bengoa, Asier K eta Maialen Sorzabalbere umoregileek. Arratsaldeko umore saioa Barrexerka konpainiaren eskutik izango da. 18:30ean Patatekin obra berria antzeztuko du konpainiak. Antzerkia eta ikus-entzunezko esketxak nahastuta, aktoreek, 50 urteko pertsonen roletan, bizitzaren errepasoa egingo dute, nostalgiatik eta gazte zireneko garaiak oroituz.
