Adi, agian hauteskundeetarako mahaikide izatea egokitu zaizu eta!
Hilaren 29ko Espainiako diputatuen kongresurako eta senaturako hauteskundeetarako mahaiak osatzeko zozketa egin dute. Esleituei udaltzaingoak emango die abisua.
Gaur, hilaren bigarrenean egin dute hilaren 29ko Espainiako diputatuen kongresurako eta senaturako hauteskundeetarako mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketa. Beraz, herriko hamalau mahaietako mahaiburuak, kideak eta horien ordezkoak hautatu dituzte ausaz eta onartu dituzte ezohiko udalbatzar baten bitartez.
Orain zozketa horretan esleituak izan diren herritarrek jakinarazpen ofiziala jasoko dute etxean udaltzaingoaren bitartez, eta udalak eskualdeko hauteskunde batzordeari emango dio zozketaren emaitzen berri.
Mahaikide izendatutako herritarrek eskualdeko hauteskunde batzordeari alegazioak aurkezteko aukera dute jakinarazpena jaso eta hurrengo zazpi egunetan, eta batzordeak bost eguneko epean ebazten du. Hala ere, gogorarazi dute eskaera aurkezteak ez dakarrela automatikoki salbuestea.
