Faxistek fusilatutako herritarrak omendu dituzte
Kattin Txikiko kideekin eta zenbait herritarrekin batera lore eskaintza egin dute EH Bilduko eta EAJko ordezkariek.
1936ko gerran frankistek hildako oiartzuarrak zein herrian fusilatutako Gipuzkoako beste herrietako bizilagunak izan dituzte gogoan Domu Santu Egunean. Kattin Txiki elkarteko kideekin zein zenbait herritarrekin batera, lore eskaintza egin eta bertso batzuk abestu dituzte Oiartzungo Udaleko EH Bilduko eta EAJko hautetsiek.
Frankistek Oiartzunen ehundik gora pertsona hil zituzten, asko kanposantuko hormaren kontra fusilatuta. Euskal Herriaren askatasunaren alde hildakoak omentzeko Peña Ganchegui arkitektoak eraikitako Oroimenerako frontoia hilobi monumentuan egin dute ekitaldia, “memoria, justizia eta erreparazioa aldarrikatu eta ahanzturari lekurik ez uzteko”.
'Oroipena zor'
Honakoak dira hilaren lehenengoan Oroimenaren frontoian abestutako bertsoak. Habanera da Oroipena zor bertsoen doinua.
Oroitza denak ez dira
iraganean galduak
bihotzean herioa
iltzatu zigun guduak
zenbat diren sutondotik
sufritzera behartuak
zenbat etxetik atera
ta zenbat desagertuak
hilerriko horma_hauetan
kideak fusilatuak
salatzaileak saritu
arma_arrotzez babestuak
garai hartako oihuak
gaur batera askatuak
odol tantak ez baititu
herri honek ahaztuak
Herri osora zabalduz
tiro hotsen oihartzuna
beldurrez eta mehatxuz
gailendu isiltasuna
ilunagoa bihurtuz
beltza zen iluntasuna
hezurrak lurpean eta
airearen hoztasuna
fusilak isildu ziren
isildu gerra jarduna
izan zirelako gara
badugu etorkizuna
oraina gurea da ta
gurea askatasuna
oroitzan azaltzen dugu
herri honen maitasuna
