Hausnarketa sustatu nahi duten hiru grafiti
Gertuko merkataritzaren, herri nortasunaren eta herrietako bizimoduaren inguruko hausnarketa proposatzen du Auzoaren Arima egitasmoak.
Auzoaren Arima egitasmoaren barruan, gertuko merkataritzaren, herri nortasunaren eta inguruko herrietako bizimoduaren inguruko hausnarketa sustatzea xede duten zenbait grafiti egin dituzte.
Lezon, Oiartzunen eta Pasai Antxon inolako azalpenik ez zuten zenbait grafiti egin dituzte, baina oraintsu eman dute azalpena, eta argitu irudi horien helburua “auzoei bizia ematea, tokiko merkataritza jarduera sustatzea eta gertuko merkataritzak gure herrietako bizimoduari egiten dio ekarpena balioan jartzea”.
Diotenez, irudi horien atzean dagoen abiapuntua da artea elkarrizketak sortzeko bidea izan daitekeela: “Eguneroko espazio batean ustekabean agertutako irudi batek galderak eragin ditzake, askotariko interpretazioak sortu eta gure ingurua beste begi batzuekin ikustera gonbidatu gaitzake”.
Hiru irudi, hiru esanahi

Lezoko irudia. Mendi Urruzuno
Lezoko irudian Trapujale da nagusi, eta ezohiko egoera batean agertu da, herriko ohiturekin, tradizioekin eta eguneroko bizimoduarekin lotura eginez. Trapujaleren urratsek herriko kaleak biziberritzen dituzte, betiko denden xarma, gure ohituren sustraiak eta auzotarren arteko loturak bizirik mantenduz.

Oiartzungo irudia. Mendi Urruzuno
Oiartzungo irudiaren ideia, honakoa: “Herriko denda bakoitzaren atzean taupada ari den bizitza dago; bertan erosten dugun bakoitzean, gure kaleen etorkizuna eta herriaren arima elikatzen ditugu. Merkataritza babestearen garrantzia, herriko ekonomia, enplegua eta kaleetako bizitza indartzeko”.

Pasai Antxoko irudia. Mendi Urruzuno
Pasai Antxokoaren kasuan, berriz, merkataritza ontzi handi bat da protagonista, eta irudiak “gertukoaren eta gero eta konektatuago dagoen munduaren harremanari buruzko gogoeta proposatzen du. Gure kaleen taupadak bizirik mantentzen ditu tokiko merkataritzak, auzotarren arteko loturak ehunduz eta herriari arima emanez.
Hiru artelanek hausnarketa bana proposatzen dute, herriko tradizioekin, kontsumo ohitura berriekin eta tokikoaren zein globalaren arteko harremanarekin lotuta. Hala ere, Auzoaren Arima egitasmoak datozen egunetan emango ditu irudi bakoitzaren gaineko xehetasunak.
