Kulturartekotasun jaia nagusi, besteak beste, azaroan
Herriko eragileek Oiartzungo Udalarekin elkarlanean ondu duten hilabeteko agenda argitaratu dute. Egin klik hitzordu guztiak ikusteko.
Aisialdiko agenda betea izaten dute hilabetero Oiartzunen, eta azaroa ere ez da atzean geratuko. Dagoeneko jakinarazi dute hitzordu nagusien tartean filmak, antzezlanak, kontzertuak, ikuskizunak edota aurrestreinaldiak izango direla, bai eta egun edota hitzordu bat baino gehiagoko ziklo eta jardunaldiak izango direla ere.
Hilabeteko lehen aste honetan jardunaldi antikapitalistak izango dira herrian, eta hurrengo asteburuan Hitzen Lihoa literatur zikloa egingo dute emanaldi, jardunaldi, kontzertu, azoka eta bertso bazkari literarioarekin.
Kulturartekotasun jaia hilaren 14an izango da, eta V. Munduko Arrozak jaiaren bueltan jolasgunea, jolas tradizionalen mini olinpiada eta munduko jolasak izango dira goizez zein arratsaldez.
Landetxe, hitzordu askoren aterpe
Landetxe Kultur Aretoa azaroko ekitaldi askoren oholtza izango da, bertan hamar ikus entzunezko baino gehiago, bi antzezlan eta sei musika emanaldi izango baitira. Horien artean daude Naza filma, La Bola Negraren bi emanaldi, Go!azen telesailaren 13. denboraldiaren aurrestreinaldia, Gartxoten kontzertua eta Ansa ama-alaben Artatxuriketan ikuskizuna.
Hilabeteroko hitzorduez gain, Elizalde herri eskolak 50. urteurreneko liburua aurkeztuko du, eta Gazte Izanak elkarteak bazkideen eguna ospatuko du. Hilaren 25aren harira, egun batzuk lehenago tratu onaren gaineko saioa egingo dute Abaraxkan, eta historiaren eta memoriaren zaletuek Beloagako gazteluari buruzko jardunaldia, Iragorriko hilerrira bisita eta bertako objektuen erakusketa izango dituzte. Musikazaleek, berriz, Garazi Esnaola gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute Kantagiltzaren hitzorduan; gainera, Azkue Memorialaren XIII. edizioa ospatuko dute.
