EAJk baikor baloratu ditu Lurraldebusen hobekuntzak
Alderdi jeltzaleak adierazi du aldaketak urrats bat direla, baina lizitazio berria indarrean sartu aurreko zerbitzura itzultzea ezinbestekoa dela.
Autobusa San pedron.Pasaiako Udala Pasaiako EAJk baikor baloratu ditu Oarsoaldeko Lurraldebus zerbitzuan Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak iragarritako hobekuntzak, “urrats bat direlako erabiltzaileen eskaerei erantzuteko”. Hala ere, alderdi jeltzaleak ohartarazi du “iragarritako hobekuntzak ez direla nahikoak”. Bide horretan, Loreto Osa EAJko bozeramaileak adierazi du lizitazio berria indarrean sartu aurreko zerbitzura itzultzea “ezinbestekoa” dela. OR05 eta OR09 lineetan jarri du arreta Osak.
Udal bozeramaileak gogorarazi du EAJk “jarrera argia” izan duela hasieratik: “Kontzesio berriaren aurrerapenak aitortzea, baina, aldi berean, Pasaiarako funtsezko konexio eta frekuentziei kalte egiten dieten aldaketak zuzentzeko eskatzea”.
“Gure konpromisoa pasaitarren mugikortasun beharrak defendatzea izan da beti. Horregatik, zerbitzua hobetzea eskatzen zuen mozioa babesten dugu udalbatzan, eta horregatik, gaur positibotzat jotzen dugu aldundiak neurri berriak iragartzea, baina ez zaizkigu nahikoak iruditzen”, adierazi du Osak.
EAJk nabarmendu du elkarrizketa eta erakundeen arteko lankidetza funtsezkoak direla zerbitzu publikoak hobetzeko: “Iragarpen honek erakusten du, borondate politikoa, elkarrizketarako gaitasuna eta konponbideak bilatzeko jarrera dagoenean, arazoak gaindi daitezkeela eta benetan irabazten dutenak herritarrak direla”.
“Garrantzitsuena ez da nork beregain hartzen dituen hobekuntzak, baizik eta herritarrengana iristea. Pasaia da gure lehentasuna, eta lanean jarraituko dugu gure lau barrutien benetako beharrei erantzungo dien garraio publikoa bermatzeko”, bukatu du bozeramaileak.
