50. urteurreneko liburua, argitara
Elizalde Eskolak mende erdiko liburua aurkeztuko du bihar, eta igandean (hilak 15) Zine Zikloa abiaraziko dute.
Udazkenerako antolatutako egitarauari jarraiki, Elizalde Eskolak datozen egunetan izango dituzten jardueren berri eman du. Batetik, eskolaren memoria jasotzen duen liburua aurkeztuko dute, eta bestalde, Zine Zikloaren lehenengo emanaldia izango dute.
Bihar (hilak 13) Elizalde Eskola: 50 urte komunitatea ehuntzen liburuaren aurkezpena egingo dute 18:00etan Hipatia parkean –eguraldi txarrarekin udal pleno aretoan–. Liburuak eskolaren 50 urteko historia biltzen du, eta proiektuan 40 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.
Aurkezpena artearen diziplina ezberdinen bidez egingo dute, eta oholtzan bertsolariak, dantzariak, musikariak edota abeslariak bezalakoak izango dira . Hala ere, hezkuntzaren inguruko mahai ingurua eta liburuaren sorkuntzari buruzko solasaldia ere egingo dituzte.
Super Elkifinak, igandean
Egun hauetako hurrengo hitzordua igandean (hilak 15) izango da, Zine Zikloaren lehenengo emanaldia, hurrenez hurren, eta topaketa hori eskolako mediateka gelan izango da.
Super Elkifinak animaziozko filma emango dute, eta jakinarazi dute LH2ra arteko haurrek gurasoen laguntzarekin joan beharko dutela zine emanaldira.
17:30ean izango da saioa, eta antolatzaileek herritar, familia, ikasle zein ikasle ohi guztiak gonbidatu dituzte “historia eta kultura partekatzera”.
