Denak etxean nahi dituztelako, Etxera lasterketa herrikoia
Ohi moduan urteko azken egunean izango da 6,5 kilometroko korrikaldia. Zortzi euroren truke eman daiteke izena lasterketan.
2026ko Etxera lasterketaren aurkezpeneko irudi bat. Urtero bezala lasterka amaituko dute urtea Oiartzunen, abenduaren 31n Etxera lasterketa herrikoia egingo baitute.
Antolatzaileek aurtengoaren aurkezpena egin dute, eta jakinarazi dute azken lasterketa izatea nahi dutela, baina oraindik ere denak etxean nahi eta behar dituztela.
Hitzordu honek molde ezberdina du, baina preso, iheslari zein deportatuen beharrak asetzen saiatuko dira oiartzuarrak.
Etxerako bidea
Era berean, diote orain artean Etxerako bidea marraztu dutela, eta jakitun zirela ez zela erraza izango. Hots, “luzea” izan dela ere nabarmendu dute.
Hala ere, diote “benetako konponbidea” behar dutela, eta helmuga zeharkatu nahian dabiltzala. Izan ere, horixe irudikatu nahi dute lasterketarekin, helmuga.
Abenduaren 31ko 9:30etik 10:15era izen ematea eta dortsal banaketa egingo dituzte, eta 10:30ean haurren lasterketa izango da. 11:00etan izango da, berriz, herri lasterketa. 6,5 kilometro ditu korrikaldiak, eta musika, giro ona eta aldarrikapenerako lekua izango da. Inskripzioak zortzi euro balio ditu, eta online egiteko aukera dago.
Azkenik, antolatzaileek jakinarazi dute abenduaren 18an kartelak pegatuko dituztela, eta orain arteko ibilbideko azkena eta orain arteko bidearen aitortza egingo dela. Gainera, Eguberrietako deialdiak ere egingo dituztela kontatu dute, eta urtarrilaren 9an Bilboko manifestazio nazionalera joateko deia luzatu dute.
