'Lutxi eta zuhaitza', Lezoko Zinema Ttikian
Lander Garro oreretarrak egindako filmaren aurretik haurrentzako animazio filma jasoko du Gezala Auditoriumak, 'Dino familia'.
'Lutxi eta zuhaitza'-ren fotograma da Biharko (hilak 14, larunbata) emanaldi bikoitza prestatu du Lezoko Zinema Ttikiak. Hasteko eta behin animazio filmaren txanda izango da, Dino familia-ren proiekzioaz gozatu ahal izango dute haurrek 17:00etatik aurrera. Ondoren, 19:00etan, Lander Garro zuzendari oreretarraren Lutxi eta zuhaitza filma ikusi ahal izango da Gezala Auditoriumeko pantaila handian. Emanaldiaren ondoren egileekin solasean aritzeko aukera izango da, zehazki Garro zuzendariarekin eta Olmo Cascallar lezoarrarekin (harena da filmaren soinu-banda).
Lutxi eta zuhaitza-k Luzia Urigoitia Ajuria otxandioarraren istorioa kontatzen du. ETAko militantea 1987an hil zuen Guardia Zibilak Trintxerpen. Lana “memoria ariketa” bezala definitu du Garro zuzendariak. Hala, Urigoitiaren kasua abiapuntutzat hartu zuen Garrok, gertakarien memoria ariketa egiteko, baina harago joan eta memoria politikoaren eraikuntzan eta kontakizun diferenteen arteko borrokan sakontzeko grina ere azaleratu zuen. Horretarako, lotailu gisa erabili zuen zuhaitzen memoria. Urigoitiaren memoria berreskuratzea, poliziaren bertsioari aurre egitea eta boterearen eta memoria ariketen harremana aztertzea izan ditu xede, beraz.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuen udaberrian Garrok filma, eta orain herriz herri proiekzioak egiten ari dira, tartean biharkoa Lezon.
Maiatzean elkarrizketa egin zion Lander Garrori HITZA-k. Beheko bideoan haren hainbat adierazpen ikus-entzun daitezke.
