AZAROAK 25

Gizonen indarkeria jasateaz nazkatuta daude

Oiartzungo Feministen Asanbladak 100 emakume elkartu ditu bideo batean. Gaur, 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute.

Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Oiartzungo Feministen Asanbladak zenbait jarduera egingo ditu. Aurretik HITZAri aurreratu moduan, gaurko egunean gizonak interpelatu nahi dituzte. “Haserre eta nazkatuta gaude horrenbeste kasu daudelako. Badakigu indarkeria matxista kasuak badaudela, baina aurten nabarmen hazi da gugana iritsi diren kasuen kopurua”, diote asanbladako kideek.

Ez erasotzeko oinarrizko dekalogoa argitaratuko dute gaur, eta herritarren artean zabaltzeaz gain, sare sozialetan ere jarriko dute. Dekalogo hori “oso oinarrizkoak” diren esaldi batzuen bilduma bat da, feministek ikusten dutelako oinarrizko kontzeptuak ere ez direla ulertzen. 

Gaur 18:00etan hasita dekalogoaren harira antzerki bat egingo dute, eta irakurketa ere izango da Doneztebe plazan. Aurreko egunetan moskeo kanpaina bat ere egin dute; horren ondorio dira herrian zehar itsatsi dituzten pankartak. 

Oiartzungo Feministen Asanbladak Instagram bidez zabaldutako irudi bat.

Gaur goizean goiz mugimendua izan da asanbladaren sareetan. Izan ere, bideo bat egin dute 100 emakumerekin. “100 emakume, 100 indar, 100 arrazoi bizitzeko” lelopean argitaratu dute ikus-entzunezkoa, eta adierazi haserre eta nazkatuta daudela, baina baita saretuta ere, eta ez direla isilduko. “Gizonak, gu entzuteaz nazkatu zarete? Gu zuen indarkeria jasateaz nazkatu gara! Hartu dagokizuen ardura!”, diote.

Esteka honetan dago asanbladaren bideoa.

Datuak
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak urtarriletik irailera bitartean Oiartzunen erregistratutako datuak eman ditu. Jarraian zerrendatutakoak Emakumek helarazitako datuak dira, baina litekeena da zifra altuagoa izatea salaketarik egon ez delako tartean.

Datuak emateko orduan, bi multzotan egin dute sailkapena: batetik, salaketa kopurua zerrendatu dute, eta, bestetik, indarkeria matxistaren biktimak, emakumeak, alegia.

Urtarriletik irailera bitartean, bikotekideak edota bikote ohiak egindako 16 indarkeria matxista kasu erregistratu dituzte, eta familiartean egindakoak, berriz, 9. “Sexu askatasuna” delako bereizketa bat ere egin dute; datu horiek Zigor Kodean halakotzat tipifikatutako delituak dira, familia eremutik kanpoko gizonek eginak. Kasu horretan, 3 ditu erregistratuta Emakumek.

Erregistratutako biktima kopuruari dagokionean ere eman ditu xehetasunak Emakundek. Diotenez, 13 emakumek pairatu dute indarkeria matxista bikotearen edota bikotekide ohiaren eskutik Oiartzunen, eta familiako kideengandik, berriz, 9. Sexu askatasunari dagokionean, berriz, hiruren berri du Emakundek.

Datu hauetan ez dira haurrak kontuan hartzen; legez umeak ere biktima zuzenak dira, baina ez dituzte datu horiek publiko egiten.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.