"Ez dugu inoren babesean bizi nahi, aske bizi nahi dugu”
Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Egunean dozenaka emakume bildu dira Trintxerpen; erantzukizunez hitz egiteko eta gizonak interpelatzeko.
“Gaur ez gaude hemen berriro ere gure mina kontatzeko”. Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Pasaian ere kalera atera dira indarkeria matxistaren aurrean erantzukizunak eskatzeko, eta batez ere, gizonak interpelatzeko. Euriak ez du eragotzi kaleak morez betetzea, eta Entre Orillas elkarteak deituta Gernika plazan dozenaka emakume bildu dira argi adierazteko emakumeen eskubideak ez daudela inoren borondatearen mende. “Gure bizitza ez da negoziatzen”.
Indarkeria matxistak ez du etenik, eta argi eta garbi adierazi dute ez dela emakumeen arazoa soilik. Gizonak interpelatu dituzte: “Ez dizuegu eskatzen desberdinak zaretela azaltzea, ezta kolektiboki errudun sentitzeko. Arduraz jokatzeko eskatzen dugu”. Indarkeria matxistaren jatorria ere aipatu dute, “ez baita kolpe batekin hasten”. Azkenaldian, portaerak normalizatu dira, eta horregatik adierazi dute kolpea baino lehen hasten dela: “Desberdinkerian, kontrolpean, erabakiez jabetzen, hitzak gutxiesten, beti prest egoteko exijentzian eta emakumeak nahierara erabiltzeko eskubidea izaten”.
Gizonek badute euren arteko konplizitatea, eta komentario matxistak eta halakoak normalizatu direla azaldu dute. Honen aurrean, isilik mantentzea konplize izatea dela diote: “Isiltasunak ere baditu ondorioak. Axolagabetasuna ere posizionatzeko modu bat da”. Bide beretik Bell Hooks-en hitzak ekarri dituzte gogora: “Maskulinotasun patriarkala ez da baldintza natural bat, ikasitako eraikuntza da. Horregatik, ikasitakoa desikasten ikasi behar dute”.
“Emakume guztiok ez ditugu indarkeriak modu berean bizi. Matxismoak ez du bakarrik jarduten. Arrazakeriarekin, desberdintasun ekonomikoarekin, administrazio egoerarekin, adinarekin eta beste diskriminazio modu batzuekin gurutzatzen da. Guztiok ez ditugu salatzeko, entzunak izateko, babesa jasotzeko edo justiziara jotzeko aukera berberak. Emakume migratzaileek, arrazializatuek, pobretuek edo kalteberatasun handiagoko egoeretan daudenek oztopo jakin batzuei egin behar diete aurre, ezin ditugu oztopo horiek ezkutuan utzi”.
Hau guztia esanda, emakumeek argi dute eraldaketa ez dagoela euren esku bakarrik; gizonei emakumeen ahotsak bereganatu gabe entzuten ikastea dagokiela gehitu dute. “Bizi egin nahi dugu. Espazio publikoa beldurrik gabe okupatu nahi dugu. Ez da eskaera bat, eskubide bat da”, aldarrikatu dute. Horregatik, Pasaiatik komunitate osoari dei egin diote erantzukizuna kolektiboa izan dezan. “Ez dugu behar gu babesten gaituen gizonik. Babes hori beharrezkoa egiten duten baldintzak errepikatzeari uzten dioten gizonak behar ditugu. Konpromisoa, koherentzia eta erantzukizuna behar ditugu urteko egun guztietan”.
Bukatzeko mezu argia helarazi dute: “Emakumeen askatasuna ezin da gizonen borondate onaren mende egon. Ez dugu inoren babesean bizi nahi, aske bizi nahi dugu”.
