Faxismoaren arrastoa memoria bihurtzeko auzolana Lezon
Etxetxo Lezoko Memoria Historikoa taldeak auzolanera deitu ditu herritarrak Sorotxo eta barrakoiak garbitzen jarraitzeko.
Lezon faxismoak arrasto sakona utzi zuen. Hura ezabatu eta ahaztu baino, Etxetxo Lezoko Memoria Historikoa taldearen lana da herrian 1936ko gerraren harira eta ondorengo frankismoaren karietara gertatutakoak jaso, ikertu, eta zabaltzea. Memoria historikoa lantzea, halakoak berriz ere gerta ez daitezen. Horren seinale da, adibidez, urrian Memoriaren Ibilbidea eta Memoriaren Plaza egikaritu zituztela. Beste adibide bat, iraunkorra honakoa, larunbaterako (hilaren 28rako) gorde dute: Sorotxoko eremua eta Iparragirreko trabajadoreen barrakoiak garbitzen segitzeko auzolanera deitu dituzte lezoarrak.
Lezon faxistek utzitako arrastoaren zati dira bi eremu horiek. Han gertatutakoak zabaltzeko lan nekaezinean dabil Etxetxo. Hala, larunbateko 09:30ean gelditu dira Tiñelun, handik Jaizkibelgo bi eremu horietara joateko. Mendi lanerako egoki den arropa eta oinetakoak eramateko eskatu diete taldekideek agertzeko intentzioa dutenei. “Lezoko memoria historikoa ezin da galdu”, esan dute.
