Zein musika entzuten zen duela 30 urte Erne dantzalekuan?
Erne dantzalekua zenean 1992ko maiatzean 'pintxatu' zuten saioa bat igo dute Youtubera.
Aisialdi ohiturak asko aldatu dira, zer esanik ez COVID-19aren etorrerarekin. Orain dela hiru hamarkadako gau giroaren parte ziren, batzuetan modu ia uztartu ezinean, txosnak, tabernak, igandeetako dantzaldiak eta dantzalekuak.
Gazte kuadrillako bakoitzak bere gotorlekua zuen, nahiz eta haien muga nahiko lausoa izan zitekeen. 1990eko fenomenoa izan zen Bakailaoaren Bidea izenekoa, Valentziar Herrialdean epizentro izan zuena. Garaian garaiko musikarik modernoena pintxatzen zuten Mediterraneo aldean, eta handik zabaltzen zen penintsula osora, baita Euskal Herrira ere.
Hala ere, hasieran punka, post-punka eta beste hainbat musika estilo alternatibo (idatz dezagun kurtsibaz) entzun zitezkeen diskoteketan. Ondoren etorri zen benetako bizi-estilo berria ekarri zuen musika mota: elektronikoa.
Trancea, eurodancea, acid housea eta dj-en apetaren araberako abestiak ziren asteburu bukaezinen soinu banda, autoan diskotekaz diskoteka mugitzen zenean. Moda ibiltaria izan arren, gasolina ez zen —orokorrean, noski— erregai nagusia.
Gipuzkoako eskualde bakoitzean geraleku bat zegoen, eta Oarsoaldean Erne —gero Itzela— zen musika elektronikoaren tenplua. Lau udalerrietako zein inguruetako —baita Frantziako estatuko— pertsonak hurbiltzen ziren dantza egitera, ligatzera edo dena delakora.
Bidai luzea izango zena zirudiena bukatu zen, azken kilometroak irentsi ziren mendearen hasieran. Kontsumo-ohituren aldaketa, beherakada demografikoak zein errepideetako arauak gogortzea izan ziren Bakailaoaren Bidea-k ordaindu beharreko bidesari garestiak.
2017an bota zuten Itzela diskoteka, eta herriguneetatik kanpo kokatzen ziren dantzaleku haien arrasto askorik ez da geratzen. Bai, ordea, ondarea. Aritz C. zarauztarrak 1992ko maiatzaren 7ko Erneko musika saio bateko kasetea digitalizatu eta Youtubera igo du, denek entzuteko moduan, baita zapata zola dantzarako pistan gastatu zutenen seme-alabek ere.
Nostalgiaren ziztadak musika-noten forma eduki dezakeelako.
Oharra: hau irakurtzen ari zaren bitartean lo egiteko asmoa baldin badaukazu, ez eman play-ri.
[Argazkia zein bideoa Yo He Bailado Facebookeko orrialdetik eskuratu dira]