Bakardadea
HITZ HARTUAK
Egia esateko idatzi hau izaten ahal zen koronabirusari buruzkoa, etxetik ateratzeko debekuak gure bizitza eta ohiturak beste ikuspegi batetik ikustera eta egin gabe genituen galderak egitera eraman baikaitu. Zalantzaz beteta gaude, ez dakigu salbuespen egoera honek ez zenbat iraungo duen, ez eta zer ondorio izango dituen ere. Ezjakintasunak etorriko denaren aurreko izua areagotu besterik ez du egiten. Baina gaurkoan ez naiz salbuespenezkoa den isolamenduaz ariko, gaurkoan gizartean bizitzeko eta antolatzeko dugun moduak eragiten duen bakardadeaz ariko naiz.
Gizakia zer den esateko orduan, definizio bat baino gehiago ditugu, bai liburuetan, bai herri jakintzaren alorrean: hizkuntza duena, bi oinetan ibiltzen dena, behin eta berriro akats bera egiten duena, ongia eta gaizkia bereizten dituena, bere heriotzaz jabetzen dena, arrazionala, irudimenaren bidez bere burua eta ingurua eratzen dituena, hots, fantasiaduna, bizitzan zehar etengabe aukerak eginez bidea egiten duena eta abar. Segi genezake horrela, eta ikusiko genuke gizakia ulertzeko modu horiek guztiek punturen batean bat egiten dutela, eta hala ere, ez dutela agortzen gu garen animalia xelebre horren izaera.
Nolanahi ere, aipatutako hori guztia ezinezko litzateke gizartean beste gizaki batzuekiko harremanean biziko ez bagina; ezin gara gizaki izan eta gizaki gisa bizi beste gizaki batzuk inguruan izan gabe. Garai bateko Grezia klasikoan gizakiarentzat zigorrik handiena deserriratua izatea zen. Erbesteratuak herrikideei esker eskuratu duen identitate soziala galtzearekin nortasunaren zati esanguratsuenetako bat galtzen du, eta bere burua desagertzeko zorian ikusiko du. Baten batek esango du gaur egun bigarren larrua zer kulturatan eratu dugun ez dela garrantzitsua, mundu global eta globalizatuak hori aldatu eta berregiteko aukerak ematen dizkigula, eta, ondorioz, identitate edo nortasun indibiduala dela funtsezkoa. Horri buruz luze eta zabal aritu gintezkeen arren, garbi dagoena da gizakiak besteen beharra duela gizaki bezala bizi eta garatzeko.
Ez da harritzekoa gizakiarentzat isolamendua edo bakarrik egotera zigortzea izan daitekeenik, eta zigorrik gogorrenetakoa izatea. Bakarrik bizitzea triste bizitzea dio esaera zaharrak: ez gaude bakarrik bizitzeko eginak, behar dugu besteekin egon, hitz egin, barre egin, haserretu, mundua hor dagoela eta nolakoa den baieztatu. Eta gu ere bertan gaudela jakiteko eta ziurtatzeko ezinbestekoa dugu bestea. Besteekin lotzen gaituen hari hori hausten bada, ondorioak larriak omen dira giza psikearentzat.
Potez pote, filosofia kalera ekimenak, filosofia jendartera atera eta gizarteratzeko asmoz, Pote Filosofikoak jarri ditu abian Tolosan eta Lazkaon. Joan den hilabetean, Lazkaoko Gerrikoa elkartean, bakardadeari buruz aritu ginen hausnarrean Ula Iruretagoiena arkitektoaren laguntzarekin. Gure herrietako eta hirietako arkitektura, eta, oro har, eraikinen antolaketa mundua ikusteko, ulertzeko eta irudikatzeko dugun moduaren erakusgai direla esan zuen. Iruretagoienak eraikinen hainbat ezaugarri azpimarratu zituen: bizitoki ditugun etxeetan sartzen garenean, ataria igarobide hutsa da; etxetik kanpo gure autoa ahalik eta hurbilen uztea hobesten dugu etxetik atera orduko autoan sartu eta helmugara lehenbailehen iristeko; auzoan, umeentzako parkeak bai, baina bestelako toki komunik ez da diseinatzen; gazteak tabernetan edo lokaletan elkartzen dira… Zer topaleku dugu? Norentzat dira? Zertarako? Horrek guztiak nolabait agerian jartzen du gizartearen erdigunean jartzen diren balioetako batzuk: lan aktiboa, intimitatea, autonomia, azkartasuna, gaztetasuna…
Eta zer gertatzen da dagoeneko hain autonomo, edo azkar, edo gazte ez direnekin? Zer harreman mota eraikiko dute? Eta norekin? Esan daiteke adinean aurrera egiten dugun neurrian gizartearen bazterrera lerratzen hasten garela, eta gero eta gehiago gure harreman familiar afektiboen menpeko bilakatzen. Harreman horiek gutxietsi gabe, gizarteak berak ez al luke lagundu behar helduen harreman sarea ahalik eta aberatsena izan dadin?
Bakardadea ez da zertan adin edo bizitzako momentu jakin bati lotu behar den egoera, gizakiari berari baitagokio, moduren batean, bakardadea sentitzea. Kontua da giza existentziari lotutako bakardade horrez gain, bizitza jasanezin edo sufrimendu bilakatzen duen bakardadea ere badela gure artean, eta bigarren bakardade mota hori sentitzeko aukera handiagoa dugu bizitzan aurrera egin ahala. Gazteak garenean, eta bizia hasi besterik egin ez denean, dena dugu egiteke, dena ilusio, dena edo ia dena posible. Bizi ahala, ateak ixten eta aukerak urritzen hasten dira, eta nahiz eta hori ez den bat-batean gertatzen, benetan ez gara konturatzen hartutako erabakiek eta igarotako denborak zenbateraino mugatuko diguten bizitza. Eta jakina, inoiz ez dugu irudikatzen nolakoa izango den gure zahartzaroa, nolakoak izango garen gu zahartzean, zer bizimodu egingo dugun, zer muga eta motibazio izango dugun eta abar.
Zahartzaroa pentsatu eta ikusteko modu asko egon dira historian zehar, baina ez dut uste gaur egungoa oso desiragarria denik: zaharra izandakotzat jotzen dugu, baina hasi beharko genuke, garai batean bezala, luzaroan dena bezala ikusten, gizartean eta bizi antolaketan lekua ematen, eta ez bazterkeriaz eta errukiz tratatzen, etengabe, zer galdu duten gogoraraziz. Eta horretarako, interesgarria litzateke gure heldu-zaharren harreman sarea familiara ez mugatzea. Jakin badakigu zahar asko bakarrik sentitzen dela eta sentimendu hori sufrimendu bilakatzen dela gizarterekiko hariak poliki-poliki eten ahala. Ez dezagun ahaztu gu ere bide horretan goazela eta harreman osasuntsuak izatea dela giza duintasunari eusteko modu nagusia. Jaio eta hil bakarrik egiten gara, baina bitartean bizi elkarrekin.