Giza aberea
HITZ HARTUAK
Zer norabidetan jartzen dugun gure pentsamendua esango genuke dena berdin dela. Jane Tellerrek idatzitako eleberri baten gaia da hori: bizitza honetan ez dago deus garrantzitsurik, jokabide bat edo bestea izan, ikasi edo bide bazterrean mozkortu, lagun hurkoari lagundu edo geurekoikeriaz jokatu, amaiera beti bera izango da: heriotza eta desagerpena.
Nietzschek Jainkoaren heriotza iragarri zuenetik gutxienez 150 urte pasa diren arren, gurean askoz beranduago ezagutu dugu eliza kristauen hustutzea eta espiritualtasunaren jarduera modu hori alde batera uzteko joera. Horrek gure izaerari, eginkizunari, funtsari, izateari berari buruzko galdera guztiak utzi ditu agerian eta erantzun garbirik gabe, gainera.
Darwinek erakutsi zigun bizidun guztiek jatorri berbera dugula, gu ez garela ez bereziak, ez hautatutako espeziea. Planeta geureganatu dugu, beste bizidun guztiak mendean hartu ditugu, unibertsoaren eta izaki guztien kontzientzia hartu dugu, eraikinez bete dugu lurra, inguruneari buruzko ezagutza zabaldu dugu, baina funtsean zer egiten dugu? Gainontzeko izaki bizidunek egiten dutena: jaio, elikatu, ugaldu eta hil.
Gauzak horrela, irudi luke ez dagoela alderik zabortegi batean zaborrak azpian hartuta hil ondoren betiko han geratzearen, eta elur jauzi batean galduta geratzearen artean. Kasu batean zein bestean, hildakoak ez du ezer sentitzen, eta familiartekoei dagokienez, maite duten pertsona hori galdua dute, ez dute berriz ikusiko eta ez dago benetako erreparatze posiblerik.
Japonian heriotza zigorra indarrean da eta hango biztanle gehienek ongi ikusten omen dute hiltzaile jakin batzuek zigor hori jasotzea. Halere, badute japoniarrek, nonbait, zigor hori gauzatzen den moduarekin desadostasunik. Izan ere, heriotzera kondenatuak ez dira presoak eta, ondorioz, hainbat eskubide ukatzen dizkiete: heriotzaren korridorean dagoen presoa isolamendu latzean bizi da, ez du bisitarik jasotzen, ez du beste presoekin inolako harremanik, hiru liburu besterik ezin ditu izan ziegan, telebistarik ez eta astean bi aldiz kirola egiteko baimena. Zigorra gauzatuko den unearen berri ere ez omen du izaten eguna iritsi arte, eta familiari dena bukatutakoan ematen diote horren berri. Tratu giza gabe hori da irla horietako biztanleek onartzen ez dutena. Eta gure galdera: hiltzera eraman behar dena zergatik ez goxatu eta heriotzerako bide horretan lagundu? Niri bururatzen zaidan erantzun posible bat honako hau da: gizakiari bere gizatasuna kentzen badiogu, abere bat bezala tratatzen badugu, haren heriotzak ez digu durduzadura handirik eragingo.
Primo Leviren Hau gizon bat bada eleberria irakurtzerakoan, berehala ohartuko gara juduak kontzentrazio esparruetan sartzen zituztenean erauzten zieten lehenbiziko gauza giza izaera hori zela: …kontsidera ezazue gizon bat ote den lohietan lan egiten duena, bakerik ezagutzen ez duena, opil baten erdiagatik borrokatzen dena, bai edo ez batengatik hiltzen dena. Kontsidera ezazue emakume bat ote den ez ilerik, ez izenik, oroitzeko indarrik ere ez duena, neguko igel bat bezain begi hutsik eta magal hotzik dena. Abereak balira bezala tratatzen zituzten, eta konturatu orduko, bizitzea bera bilakatzen zen helburu bakar. Behin horretaratuta, desagertu da gizakia eta galdua da gizatasunaren aldeko borroka. Bizirik da, baina hilik, bere zerizana edo izatearen funtsa ukatu egin baitiote. Esan daiteke gizakiari egiten ahal zaion minik handiena hori dela hain justu: gizatasuna ukatzea.
Zertan da, baina, gizatasun hori? Chopin musikari poloniarra Parisen gazterik hil zen, baina arrebari eskatu zion haren bihotza Varsoviara eramateko. Gizakia animalia xelebrea da, eta lurreko bizidunekin zerikusi zuzena izan arren, beste zerbait da zer garen erakusten duena. Giza bizitzan garrantzitsua dena bizitzarako ezinbestekoa ez den hura da. Literatura, musika, dantza, ipuinak, lagunarteko konpainia, itsasoan bainua, etxekoak besarkatzea, muxu ematea, ilunabar gorriari begiratzea, olatuak kontatzea, gurasoei elkar nola ezagutu zuten galdetzea, begirada batek zergatik hunkitzen gaituen jakitea, maitemintzea, ezinaren mina, hutsunearen presentzia, elkarrekin kantatzea, margolan baten koloreak edo hil ondoren norberaren bihotza sorterrira eramateko erregua. Hitz batean, arima edo gogoa.
Kontzentrazio esparruak edo Japoniako heriotza zigorra muturreko gertakizunak direla esango du nornahik, baina hemen adibide gisa aipatu nahi izan ditut gure izatearen muina non dagoen ez dezagun ahaztu. Nietzschek bizitzatik haragokorik ez dagoela esan zigun, gehienetan bizitzari zentzua guk geuk bilatu behar izaten diogu eta batzuetan ohartzen gara ez dagoela bizitzako ibilbidea bera ez den bestelako saririk, baina hala eta guztiz ere, eta akaso horrexegatik, Zaldibarko Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen gorpuak behar ditugu, Chopinen bihotza Varsoviako katedralean dago, Auschwitzen ondoren inoiz baino beharrezkoagoa dugu poesia, hileta elizkizunak urritu ahala agur zibilak antolatzeko premia dugu eta abar.
Nondik begiratzen zaion. Garrantzitsua eta ezinbestekoa denaren arteko auzia inoiz ez da erraza izan, baina kontuan izan behar dugu huts-hutseko giza bizitzarik ez dagoela eta egoera kritiko, zail, zalantzagarri, mingarri eta hautsietan gizatasunari eusteak behar lukeela lehenbizikoa.