Gutuna: "Zaldibar, Lezo eta gainerakoak argitu!"
Hona hemen, hitzez hitz, lau lezoarrek HITZAra bidali duten gutuna:
Zaldibarko Eitzagako zabortegian gertatutako ezbeharra darabilgu egun hauetan hitzetik hortzera, eta ez da gutxiagorako, bi pertsonaren bizitza eraman baitu aurretik luizi ikaragarriak. Bi pertsonaren bizitza galtzeaz bat, ordea, berriz ere, egungo sistema ekonomikoak dirua egiteko darabiltzan azpijoko ilun eta eskrupulorik gabeak bistan geratu dira, lotsagarri.
Lezoarroi, gertaera horrek, 2018ko abuztuaren 2an herriko kaian gertatutako sutea ekarri digu gogora; orduan ere enpresa arduradunek eta herri erakundeek izan zuten jarrera eta egin zuten kudeaketa lotsagarria eta negargarria izan baitziren. Lezon ere tratatu gabeko hondakin industrialak, bereizi gabeko materialak izan ziren gertaeraren iturburu; metalak, plastikoa, goma, erregaiak eta bestelako gaiak batera estututa zituzten auto prentsatuak.
Orduan ere leihoak ixteko esan ziguten, ahal zela, kalean ez ibiltzeko. Baina alde nabarmen bat bada Zaldibarkoarekin, Lezoko kaiko suteak egun bat iraun zuen, eta beraz, Eusko Jaurlaritzak iraunkorki jarrita dituen neurgailuetan hartutakoetatik aparteko neurketarik ez zen egin, edo ez zen behintzat publiko egin. Ez airearen kutsadurari buruzkorik, ez partikulei buruzkorik (furanoak eta dioxinak aireratu baitziren), ez eta badiako uraren gainekorik ere. Egun bakarra izan zen eta berehala isilarazteko aukera izan zuten, eta jakina, Pasaiako Portuaren zamatze eta huste jarduerak modu berean egiten segitzen dute, modu berean baino, okerrago esango genuke. Enpresa batzuek, legeak urratuz (udalen jarduera lizentziarik gabe eta abar), herritarren osasunaren eta bizi kalitatearen bizkar aberasten segitzen dute, eta Lezoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak herritarrak babestu beharrean, enpresa horiek babesten eta zuritzen.
Nola diren gauzak. 2018ko abuztuaren 2ko gertaera haren harira egindako protestaldi batean agintariei, haien arreta piztu nahian, sutauts eskukada batzuk bota zizkien lezoarra apirilaren 2an epaituko dute Donostian agintariei erasoa egin izanaren delitua egotzita.
Bidenabar, esan dezagun herritar hark jaurtitako sutautsa hiru laborategi ezberdinetan aztertu zutela, zein delitu egotzi zehatzago jakitearren, eta herritarrek irentsi genuena, guk dakigula, aztertzeke geratu zen. Delitua, gure iritziz, auto haiek gaiak bereizi gabe erraustuko zituen altzairutegiarena da, besteak beste, eta ez protesta egiten duen herritarrarena.
Herritarrentzako eta langileentzako zigorra (are heriotza) eta arduradunentzako zigorgabetasuna dakartzan joko maltzur honen aurrean protesta egitera dei egiten dizuegu lerro hauen bidez.
Hitzordua apirilaren 2an izango da, Donostiako epaitegiaren aurrealdean, aurrerago zehaztuko dugun orduan.
Karmen Clemente Alvaro, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus Mari Fernandez Otxoa, Joxe Luix Agirretxe Mitxelena. Lezo.