Zorretan
Ez zait sekula gustatu zorretan izatea. Aukeran, nahiago dut beste norbaitek zorra nirekiko izatea alderantziz baino. Hala bizi dut, eta, nire kalterako, Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurreneko ospakizunen bueltan zama astuntzen eta astuntzen ari zait. Zenbat eta gehiago jabetu Pizkundearen baitan orain dela sei hamarkada egindakoaz, orduan eta pisuagoa da haiekiko zorra.
Izan ere, ez dakit nori zor diogun Bizkarsoro ikusten hunkitzea, herritar horien artean gure aiton-amonen arrastoak antzematean. Ez dakit zergatik lehertzen zaizkigun barrenak euskara baizik ez zekiten haiek morts pour la patrie izan zirela abesterakoan. Ez dakit nolatan lausotzen dizkiguten malkoek begirada, eskola garaiko zigor eta mespretxuak gogora ekartzerakoan. Ez dakit zergatik itsutzen gaituen amorruak hainbatek eta hainbatek euskaraz beste behartuta egin behar izan zutela oroitzerakoan. Ez dakit nola sentitzen ditugun horren etxeko, gure hizkera bera dutenean. Ez dakit inork imajinatzen duen gure gisako euskaldunen poza atzerritik etorritakoekin euskaraz bizi eta herrikide sentitzean. Galiziatik, Extremaduratik, Salamancatik lehen. Nikaraguatik, Boliviatik, Perutik, Marokotik orain. Ez dakit zein momentutan aukeratu genuen bide nekezena, zuzenena zelakoan.
Ezjakintasun horien atzean misterio handia dago, baita auzolan erraldoia ere. Kuriositateak eraginda, hainbatetan galdetu diot neure buruari ea noiz eta nola euskaldundu nintzen. Etxetik datorkidan ala kalean jaso nuen. Aiton-amonekin euskaraz egiteak. Gurasoekin. Anaiarekin. Zein gertaera edo pertsona izan ziren horretarako mugarri. Ikastola garaian Euskara Taldean izateak zerbaitetan eragin zuen. Euskal Herria mapetan osorik ikusteak. Gazteleraz traketsa izateak. Marrazki bizidunek izan zuten zerikusia, ala bertso eskolak. Futbolak eta nerabezaroak porrot egin ote zuten ni erdalduntzen. Bilbora ikastera joatea lagungarri izan al zen. Euskarabenturarekin zazpi herrialdeak milimetroz milimetro zeharkatzeak zein arrasto utzi zuen nigan. Lagunak Algortan, Donibane Garazin, Olaztin zein Tuteran izateak. Beste ehunka hipotesi bururatzen zaizkit, baina noiz eta nola euskaldundu zinen zu?
Azken galdera horren erantzunek argituko dute, halakorik izatekotan, hurrengo pizkundea. Euskaltzaleon Kontseiluak euskararen ofizialtasuna, hizkuntza politiketan jauzia eta euskaltzaleon harrotasuna proposatu ditu. Aurrekoekiko zorrak kitatzen hasteko abiapuntu izan daitezke, eta Iruñeko ekitaldia Euskaltzaleok Martxan segitzen dugun seinale.
Azken zalantza batek nahastu dizkit, ordea, barrenak. Mende erdia ospatuta, sentituko al da inor mende erdi barru gure belaunaldiarekiko zorretan? Izango al da hezigunerik Euskal Herria osotasunean irakatsi eta euskalduntzeko? Ohikoan nahiago dut besteak izatea nirekiko zorretan, baina aldi honetan salbuespena egin, eta nahiago dut halakorik sentituko ez balute. Nik neuk argi daukat egungo borroka zor diegula aurrekoei zein etorkizunari. Zorretan senti ez daitezen, ahalegin bera eskatuko diegu trukean.
