Ilusioa
Adituek diotenez emakumezkoek gehiago eusten diote euskarari gizonezkoek baino. Euskararen feminizazioa deitzen diote, eta, antza, gizarteko rol banaketa dago horren atzean, maiz izaten dutelako andrazkoek hizkuntza lanabes. Aitzakia ederra zen Martxoaren 8a mugimendu feministaren eta euskalgintzaren arteko aliantza jorratzeko. Baina, behingoz zutabea aurretik prest nuenez, eta emakumeez martxoa ez beste hilabeteetan ere hitz egin daitekeenez, bestelako minak eta pozak ekarri dizkizuet.
Amorruak begiak blaituta gogoratzen dut lagun bizkaitar bat orain urte pare bat. Hilabete oso batez euskaraz aritzeko eremu ibiltari batez gozatu ondoren, indarberrituta, lagunartea eta betiko inguru erdalduna euskalduntzen saiatzen aritu zen zenbait hilabetez. Ez zekien nekez lortuko zuela halakorik, eta testuinguru erdaldunera itzultzeak erabat makurrarazi zuen. Gazte euskaltzalerik euskaltzaleena ere ahitu dezake egunerokotasuna euskaldun izateko oztopoz josita izateak. Gerora ohartu zen hobe zela euskarazko eremuetara jotzea, eta harreman berriak euskaraz eraikitzea, inguru erdalduna erabat euskalduntzeko erronkari aurre egitea baino.
Etsipenak jota antzematen ditut guraso euskaltzale ugari seme-alabak etenik gabe erdalduntzen ari direlako. Horixe bera topatu genuen Xoxolur mendi taldearen Baztango irteeran, haurren eta gaztetxoen ohiturei erreparatzean. Nahiz eta txangoa euskaraz izateko berme guztiak jarri, atsedenaldietan, pantailak ziren entretenimendu iturri, eta, zoritxarrez, gaztelaniaz. Halako uholdearen aurrean, ezina zen nagusi. Gurasoetatik seme-alabetarako transmisioak geroz eta eragozpen handiagoak ditu, baina batzuetan ez gara ohartzen lagunarteek eta ongi egituratutako aisialdiak euskalduntzeko duten botereaz. Gazte bizkaitarraren amorrua etorri zitzaidan gogora, testuinguru erdalduneko gaztea lagunarte euskaldunak euskaldundu zuelako, transmisioa horizontala zelako haren kasuan.
Kezkak barrenak nahastuta bildu ginela oroitzen dut, 2016an. Zenbait gaztek Soziolinguistika Klusterraren orduko datuak aztertu genituen, eta geldialdia edo atzeraldia antzematen genuen. Bilakaerak susmoa berretsi du, euskararen erabilera %40 ingurutik %30era jaitsi baita azken hamarkadan Lezon, eta haurren kasuan erorketak marka guztiak hautsi ditu.
Ilusioz bizi dugu, hala ere, orainaldia. Zortzi urteren ondoren, otsailean hainbat herritar Plaza Hutsa ekimenean elkartu ginen, eta Lezo berriro euskaldun izateko bidea marrazteari ekin. Ez gara hutsetik hasiko, ordea. 2016tik hona Piztu Lezo euskaraz eroso eta gustura aritzeko testuinguru zainduak sortzen aritu da, zarata handirik atera gabe, baina arrakastaz. Zeorri aldizkariak gazte zein helduak euskaraz irakurtzen jarri ditu, tokian tokiko gaiei protagonismoa emanda. Hezkuntza ez formalean, Txirbilla aisialdi taldeak haurren eta nerabeen euskalduntzeari heldu dio, herriko guraso taldeak elkarlanean aritzeko zirikatzen. Oztopoen aurrean, herrigintzatik ere asko egin daiteke, etorkizuna euskaraz izango delako.