Gertaeren ordena aldatzerik balego
Zuhaitzak gorritzen ikustearekin batera, azkenaldian bueltaka dabilkidan kontua da. Eta denboraren ordena aldatu izan balitz? Eta gertaeren ordena aldatzerik balego?
Udazkena barrurako bidelagun bihurtzen zaigunean, iraganeko zenbait bizipen txikik hartzen duten espazioaz ohartzen gara. Une ñimiño horiek ondorengo guztiak nola baldintzatu dizkigun. Izoztutako taupadak. Ondorengo urteak goitik behera korapilatu dizkigunak.
Egindako aukerak, eta deitu gabe etorritako laztan zein zartakoak, pilatu eta erreferentzia bilakatzen ditugu. Jakin-mina lagun-min bihurtu. Bizi-mina, minbizi. Ezin pisua gainetik kendu. Etengabe bueltaka dabilen garbigailuaren antzera. Motxila astun baten gisan.
Udazkenaren melankoliarekin batera, iraganean iltzatuta geratutako bizipenak etortzen zaizkigu maiz gogora. Eta erabat desagertu ez direla ohartu. Halakoetan, Alzheimerrak jotako gaixoaren buruan bezalaxe gabiltzala dirudi. Gaur, orain hamar urte da. Eta gaur, gaur da. Dena, aldi berean. Memoria ikusezina bihurtzen baita, konturatu gabe zeharkatzen dena. Eta bat-batean, gure gogoa han kokatzen da, ahaztuta genuen halako edo besteko urruneko hutsunean. Orduan, oharkabean zatika eusten genituen gertakizun solteak bestelako errealitatean kokatzen ditugu. Eta arrazoi ezjakin batengatik bidean galdu ziren beste zati batzuk ezustean agertzen zaizkigu, mamuen gisan.
Hamar urte ondorengo urteurrenak. Adierazpenak. Alde bakarreko etenak. Hausnarketarako garaiak.
Bakardadearen hutsunean, buruan bueltaka dabilzkigun milaka ahotsek nahasmena sor diezagukete. Arretaz adi entzuten dugun arte. Orduan, eta soilik orduan entzungo baitugu etsi-etsian gure isiltasuna.
Bada espazio horretan gurea ez den ahotsa entzuten hasi eta gertaeren norabideari heltzeko garaia, ala?
Udazkenak erakutsi ohi digun saudadea lagun, gauzek hasierarik izan ezean, bukaerarik ezin dutela izan ohartzen gara. Bidean galdutakoak ofizialki marraztutako memoriaren lerroetan gogoratuak izan direla; batzuk, baina ez denak. Bateko zein besteko minak. Gatazketan lanabes izateko sortutako milaka armek bezalaxe; armek bukaera jakina baitute, aurreikusia, erabiliak izatea. Ofizialki edo klandestinitatean. Gurean, herritar multzo batek lurperatu zituen arte.
Denboraren lerroan gertaeren ordena aldatzeko gai bagina, kontakizun baten bukaera moztu eta hasieran jarri, agian hainbat arazok ez lukete gustuko soluziorik izango. Baina eta denboran sufrimendua hainbeste korapilatu aurretik pertsona, kolektibo eta herri gisa dagozkigun eskubideei buruz hitz egiteko aukerez aurrez aurre aspaldi jarri izan bagina? Orduan zer? Herriminak maitemin?
Eta gaur? Lehenbailehen zergatik ez?