Imajinatu
Ziur atzo, gaur edo bihar erosketak egitea tokatu zaizula. Bada, imajinatu etxean zer dagoen arakatu ostean, zerrenda bat prestatu duzula falta diren produktuekin. Hartu dituzu poltsa berrerabilgarriak eta baita diru-zorroa ere; dena prest, bazoaz erosketak egitera herriko supermerkatura. Baina bat-batean beste mundu bat topatu duzu, ez duzu ezer aurkitzen eta etengabe ondokoari zer non dagoen galdetu beharrean ikusi duzu zeure burua.
Orain imajinatu asteburua iristearekin batera planak egiteko gogoa sartu zaizula, herritik atera eta zerbait berria bisitatzekoa. Egun-pasa bat antolatzeko borondate onenarekin hartu dituzu ordenagailua eta koaderno bat autobusen ordutegiak apuntatzeko. Baina bat-batean beste mundu bat topatu duzu, zenbaki asko ikusten dituzu, baina ordutegirik ez; letra asko ikusten dituzu, baina geltokirik ez.
Pentsa, irakurtzea gustatzen zaizula; etxean, aire librean zein garraio publikoan. Gustuko duzu egunerokotasunetik deskonektatu eta zure barruarekin konektatzeko momentutxoak eskaintzen dizkizulako. Baina bat-batean beste mundu bat topatu duzu, ulertzen dituzun liburu guztiak haurrei zuzenduta daudela konturatu zara, infantilak direla; gaiak, idazteko modua eta testuari laguntzen dioten marrazki koloretsuak ez datozela bat zurekin.
Eta azken adibide bat: irudikatu lagun taldeko baten urtebetetzea dela eta jatetxe batera zoaztela ospatzera. Bazkal aurretik poteo txiki bat egin duzue eta gosetuta eseri zarete mahaian. Zerbitzaria etorri da eta menua zein karta zerrendatu ditu, biak. Bat-batean, beste mundu bat topatu duzu, ez duzu ezer ulertu eta zurekin mahaian daudenek agudo eskatu dute, zure zain daude.
Desgaitasun intelektuala duen pertsona batek funtzionamendu intelektualean limitazioak dituen arren, besteak beste; arrazoitzeko, planifikatzeko edo arazoak ebazteko, ez du esan nahi erosketak egiteko, garraio publikoaren ordutegiak ulertzeko, irakurtzeko edo menua aukeratzeko gai ez denik. Adimen desgaitasuna duen pertsona bat ez da nulua, akaso, nulua egiten dugu bere ingurua mugatuz. Hasteko, eskubideak urratzen dizkiegulako: erabakitzeko eskubidea, parte hartzeko eskubidea, sexualitaterako eskubidea, adierazpen askatasuna.. eta abar luze bat. Pertsona, dena baino menpekoago egiten dugu.
Gizartea ez dago denontzat egokituta, nahiz eta pixkanaka horretan lanean ari garen. Irisgarritasun kognitiboak bizitza ulerterrazagoa egiten laguntzen du, testuingurua eta egiteko moduak egokituz. Adibidez, seinaleak jarriz, irakurketa errazean idatzitako dokumentuak erabiliz edota aplikazio zein web orrien ulergarritasuna bermatuz. Bitarteko horiei esker, lege testu bat ulertzera hel gaitezke. Azken finean, desgaitasun intelektuala izan edo ez, pertsonei bizitza errazago ulertzen laguntzen du irisgarritasun kognitiboak.
Mundua hankaz gora dago, baina niri txikitik eragitea gustatzen zait eta sinesten dut norbanakook egin dezakegun apurrean. Norberak ikusiko du zenbateraino eragiten dion nik idatzitakoak, lankideak kontatutakoak edo telebistan ikusitakoak, baina lotsarik gabe gauzatxo bat eskatu nahi dizuet. Ziur anitzak zaretela irakurleak eta ziur batek baino gehiagok ez duzuela inoiz desgaitasun intelektuala duen pertsona batekin tratatu (edo ez dakizue). Eskaria denontzako da, ordea: dendari, zure dendan seinale gehiago jarriz soilik, Miren erosketetara autonomiaz joateko gai izan dadin eragingo duzu. Udaletxeko langile eta komunikazio lanetan ari zaretenak, informazioa irakurketa irisgarrian jartzeko aukera ematen baduzue, ziur Iñigo bere herrian lasai ederrean ibili ahal izango dela eta Haizea inguruan gertatzen dena kontatzeko gogo handiz azalduko dela. Taberna, liburutegi, turismo bulego, kiroldegi… egin dezagun denon artean herri inklusiboago bat, herri irisgarriago bat denontzat tokia egon dadin.