Inklusioa, hitz potoloa
Bazterketa jasateko modu krudelena norbera den bezalakoa izateagatik sufritzen dena iruditzen zait. Deseroso sentitzen gara, maiz, desgaitasun intelektuala duen pertsona baten aurrean. Deseroso ulertzen ez diogulako edota hark ulertzen ote digun ez dakigulako. Ez dakigu haiengana nola zuzendu, zer esan eta nola jokatu. Eta zer egiten dugu horrela sentiarazten gaituzten egoeren aurrean? Bada, ihes.
Kontua da deserosotasun horrek ez gaituela gu bakarrik zipriztintzen, kolektibo oso bat baztertzen ari baikara. Gizartearen kanonetan sartzen garenok ez deseroso sentitzeagatik aparte gelditzen den kolektiboa da desgaitasun intelektuala dutenena. Aparte aisialdi inklusibo batetik, aparte lan mundu inklusibo batetik, solasaldietatik, karteletatik, sare sozialetatik… Ikusezin bihurtzen ditugu gainontzekook erosoago bizi gaitezen. Desgaitasuna ez dugunok gara nagusi, gure begietatik egituratu dugu gizartea eta ondorioz haiek dira gurera egokitzeko esfortzua egin behar dutenak.
Onartuko dizuet, kolektibo honekin lanean hasi nintzenean pertsonei laguntzea gustatzen zitzaidalako egin nuen. Garrantzitsu sentitzen nintzen, super heroiaren kapa jarri eta munduan zehar nire laguntza zabaltzeko gaitasuna izango banu bezala. Momentu horretan nik ere ez nekien haiengana nola zuzendu, zer esan eta nola jokatu. Laguntzeko ustezko borondate horrek bultzatuta, haien partez nik egiten nuen ia dena: nora joan nik erabakitzen nuen haien partez eta ozta-ozta ematen nien tabernan zer kontsumitu nahi zuten hautatzeko aukera. Laburbilduz, ume helduak balira bezala tratatzen nituen eta ez nintzen jabetu haiengatik baino gehiago niregatik ari nintzela horrela jokatzen.
Lotsa ematen dit lerrook idazteak, asko aldatu baita nire pentsatzeko modua eta, ondorioz, jokatzeko modua ere. Orain, nolabait, normalizatu egin dut desgaitasuna. Ikusi dut erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna dutela; aski da aukera ematearekin. Ikasi dut ez dutela super heroien beharrik, bidelaguntza baizik. Ikusi dut lagunak izan gaitezkeela, erabiltzaile-hezitzaile harreman banatzailea izan gabe beti. Ikasi dut haiekin batera desgaitasun intelektualaz hitz egiten eta dagozkien eskubideak aldarrikatzen. Ikusi dut pertsona heldu bezala tratatuak izaten ez diren pertsona helduak direla.
Gero eta indibidualistagoak garen gizarte honetan ez dugu indarrik galtzen besteengatik. Eta gure inguruko jendeagatik ere, doi-doi. Hori gutxi balitz, oso urrun geratzen zaizkigu inklusioa bezalako hitz potoloak, baita hori lortzeko lanetan ari direnei ere. inklusioaren izenean desgaitasuna duten pertsonentzat zentroak eraikitzen ditugu, ahal bada hiriko kale nagusian, bizilagunek eta bisitariek zein onak garen ikus dezaten. Badaezpada ez ditugu sare sozialetan argazkiak eskegiko, konfidentzialtasunak eta familia zein tutoreekin eztabaidak ekiditeko. Beno, solidaritatearen izenean, bai, horrek balio du. Aisialdi taldeak ere haientzako sortuko ditugu, hogeiko kuadrillan joan daitezen kaleak okupatzen. Ez baitugu imajinatzen desgaitasuna duten eta ez dutenek osatutako lagun talde natural bat. Denok nahi dugu gizarte inklusibo bat, baina ez dakigu nola egin. Burbuilaka antolatu dugu gizartea, osotasun baten kaltetan. Hots, elkarrekin, baina ez nahastuta.
Ez dago gidoi jakin bat zure moduan ahoskatzen ez duen hori ulertzeko. Ez dago pazientzia dosi bat besteak baino motelagoa den hori errespetatzeko; ez dago aurkibiderik bi begik zuzenean zureei begiratzen ez dietenean nora zuzendu azaltzeko; ez da halakorik existitzen, ez, konpromiso sozial pixka bat gehiago besterik ez zaigu falta.