Begiradari begira
Begiradatik kokatzen dugu mundua, eta begiradak kokatzen gaitu munduan. Gutxitan begiratzen diogu, ordea, geure begiradari. Distantzia faltagatik, beharbada; erosokeriagatik, beharbada.
Mundu bakarrean mila mundu sortzen ditugu, nork bere moldera taxututa; batzuenak besteenak baino antzekoago; bi berdin-berdin, inondik ere ez. Begirada baten foku pean ulertzen eta aztertzen dugu mundua, baita sortzen ere, etengabe. Gure etxeko usaina hartzen du munduak. Era berean, begiradaren arabera, toki batean edo bestean egiten dugu lekua guk geuk ere munduan: batzuek, itzalpean, bigarren mailako, xume; beste batzuek, eguzki argitan, distiratsu, ekintzaile, protagonista; bateren batzuek, ilun, ezkor, dena nahaste eta dena konplikazio; aleren batzuek, zorte on itxurako, bizitza errazteko gaitasuna kutsatzen dute luze-zabal. Munduari begiratzeko begiradaren arabera ikusten dugu geure burua ere.
Subjektibotasun horretan, badira garai edo ingurune bera bizitzeagatik partekatzen ditugun ezaugarriak. Aspalditxotik, geure-geurea dugu mundua kontrolatzeko mania. Abantaila ugari ekarri dizkigu horrek, noski; baina oharkabean, eta ez hain oharkabean, gure arrastoz betetzen ari gara planeta (klima aldaketa, lehengaien neurrigabeko ustiaketa, kutsadura…). Eta horrekin batera, gero eta geureago sentitzen dugu mundua, gero eta nagusiago sentitzen gara, gero eta sarriago ahazten zaigu gure neurriaren txikitasuna. Kaleko argien argiz, gau izartsurik ere ez dugu ikusten jada, tarteka gogora diezagun izarren salda horretan zein hauskorrak garen.
Eta begiradak badu beste ertz bat ere: kanpokoa, bestearena. Bestearen begiradarentzat bizi gara; bestearen begiradarekin, behinik behin. Mundura sortzen garen unetik begirada batera sortzen gara: gure arrastoak ez dira geureak bakarrik. Behar-beharrezkoa dugu nork bere bidea egin dezan besteei eskutik heltzea; ezinbestean bilatzen dugu bestearen onespena, batzuetan jasotzen ez dugun hori. Sare sozialen garaian («sozial» edo «digital» esan beharko genieke?), are agerikoago egin zaigu besteen begiradari eta onespenari begira egotea: zer irudi argitaratu, zer bizitza zati erakutsi, zer alderdi zabaldu munduari. Eta zer ez. Nola nahi dugu ikustea besteek? Nola uste dugu ikusten gaituztela?
Inauteriak hasi dira jada zenbait euskal herritan, eta gurean ere laster ditugu ate joka. Egun horietan aukera izaten dugu ohiko itxurak, mugak eta begiradak hausteko; besteen begietara ezberdin agertu eta norbere burua eraldatzeko, edo garen beste gu horiek erakusteko. Barne munduez gain, kanpoko munduak mozorrotzeko eta eraldatzeko ere aukera ona izan liteke.