Haizea alde ala kontra
Denborari buruz pentsatzea zaila da, pentsatzeak berak denbora eskatzen duelako eta, beraz, gure denborak baldintzatuta eta kutsatuta ekiten diogulako pentsatzeari. Nolanahi ere, ohikoa dugun espaziotik ateratzeak bestelako denbora bat ezagutzeko eta pentsatzeko aukera ematen digu, nolabait. Edo denbora beste modu batera bizitzeak dakartzan ondorioren batzuk sumatzekoa; paradisukoak, paradoxikoak. Denboraren bizipena bera ezin genezake sentitu; egon, egon behar du, ordea, inondik ere. Diferentzia. Gorputzetan sartuta.
Denbora ezberdin pasatzen da munduaren leku batean edo bestean, Euskal Herrian edo Kuban, adibidez. Tira eta tira egiten digu aurrera, edo norabait, batzuoi; denbora ez da pasa egiten den zera hori, beste batzuentzat. Lagun bat da, agian, denbora, ondoan jarri eta lagun egiten dizuna. Edo haizea da denbora: batzuetan leunago, beste batzuetan biziago sentitzen duzuna; berdin-berdin arintzen duena beroa; berdin-berdin balio duena arnasa hartzeko.
Zer den baldarkeria. Hurbilpenetan hasi eta ezin egin metafora traketsak baino; ezin gure gorputzetatik eta logikatik atera. Izan ere, horixe da, akaso, gakoetako bat: denborak ez du balio; denborak ez du inporta. Denbora hor dago, zu eta ni eta etxe pareko zuhaitz hori gauden bezala. Bagaude. Hori bistakoa da eta ukaezina. Eta hori da inporta duena. Hori da balio duena.
Eta zer den baldarkeria. Begirada erromantikoz laudatzen dugun Karibe ertzeko denbora epel hori, azala berdin-berdin zimurtzen duena baina erlaxatzailea eta leuntzailea bide dena, hara non, kontrako eztarritik joaten zaigun. Denbora idealizatua. Denbora galdua. Gogorra egiten zaigulako autobusari itxaroten ordubete-edo egotea, ordubete-edo izango dela jakin gabe. Gogorra egiten zaigulako zain egotea okindegiaren, supermerkatuaren edo izozki-dendaren aurreko harrizko ilaran; jendea den ogiaren zain dagoena, edo ogia jendearen zain dagoena, zalantza sortzeko bezain geldoa den horretan. Ezin dugulako pasa, aprobetxatu eta galdu aditzetatik askatu denbora.
Izan ere, denborak balioa du guretzat. Prezioa. Atzera-kontaketa bat da denbora: ahitu egiten da eta ahitu egiten gaitu. Arerio dugu. Eta etsai. Gerra deklaratu genion noizbait eta lepotik helduta gauzka. Ez dugu hareazko erlojuaren hondar alerik poltsikoetan; ez dugu denboraren aduanan deklaratzeko segundorik.
Harrotasun-umiltasun kontua ere izan liteke. Unibertsoaren denboraren aldean, zer da, bada, gizakiaren denbora? Zer da gizakiaren presentzia? Guretzat, asko. Dena. Zerbait izan nahi-behar dugu-eta. Nia puzten dugun adina husten zaigu denbora. Aitzitik, unibertsoaren aurrean zerbait izan beharra eta gure presentziaren harrokeria txikiagotu ahala, txikiagotuko da, akaso, denbora «pasa egiten den zera» horren gisan ikustea. Zuhaitzak ere zer presa du, bada, hazteko?
Denbora alde dute batzuek; beste batzuok, kontra.