Esanak eta kontraesanak
Gizaki arrazional eta koherentetzat dugu geure burua. Eta neurri batean bagara. Eta eskerrak. Praktikoa da koherente izatea, erosoa. Aukera ematen digu ondokoak nola jokatuko duen kalkulatzeko; aurreikusteko zer esango digun batak, zer leporatuko besteak. Baina koherente-koherenteak ere ez gara. Eta eskerrak.
Arazoa sortzen da —eta ezustekoak eta disgustuak hartzen dira— koherente-koherenteak ez garela ahazten duen jendea dugunean inguruan; kontraesanak izatea akatsa egitearekin lotzen duen jendea sartzen denean elkarrizketan. Lagunari huts egin izan bagenio bezala sentitzen gara, edo elkarrizketa-kidearen begietan ikusten dugu halako gutxiespen keinu bat: «Esan duzuna ez da batere koherentea egiten duzunarekin». Eta lagunaren disgustuaren aurrean kontraesana bere horretan utzi beharrean, urgentziazko arrazionalkeria bat sartzen zaigu eta esandakoak makillatzen eta disimulatzen hasten gara, bat-batean gure buruari ezin diogulako onartu ez garela erabat koherenteak; txokolaterik gabeko kinder sorpresa garela: kontraesanen habia bat dugula denok barruan.
Poztu egiten gara Amazonek ez duelako irekiko biltegi erraldoirik gure herrian, eta handik astebetera Amazoni egiten diogu erosketa: urteko hamalaugarrena. Gupida, enpatia eta laguntzeko bulkada atergabea sartzen zaigu kolpetik Ukrainako errefuxiatuak gure herrietara iristen ikusten ditugunean; etorkin senegaldar eta errefuxiatu siriarrekin sentitzen ez dugun hori. Ikasleak talde-lanean trebatu daitezen ahalegintzen gara, edo gai baten eta bestearen inguruan elkarrizketa sustatzen tematzen gara; baina, ahal dela, bakarka egin daitezkeen lanak aukeratzen ditugu, eta lankideren bat harako gai hari edo besteari buruz hausnartzeko gogoz inguratzen zaigunean, nola edo hala ihes egiten diogu, zuzenketa pila bat dugulako egiteko eta hurrengo klasea prestatzeko —eta ez da soilik aitzakia, baina hitz-aspertu batek zenbat denbora lapurtuko digu, ba?—.
Zertan —zertarako, zergatik— egin uko, ordea, kontraesanei? Gizakiok arrazoitzeko gaitasuna dugu, baina ez gara huts-hutsik arrazionalak. Eta eskerrak. Non leudeke, bestela, desira, elkarrizketaren ondorengo barealdia, umorea, plazera, begiradaren epela, mina, haserrea? Robotak erabat koherenteak dira: ez dute pentsatzen, ez sentitzen. Baina robot izan nahi ez dugunoi pentsatzea eta, beraz, kontraesanak edukitzea dagokigu. Beharbada utopia modura irudika genezake koherentzia: badugu koherente izan nahi eta behar bat. Baina, ezinbestean, lokatzezkoa da bidea. Beti izango dugu hanka bat lokatzetan sartuta.
Pentsatzen dugun seinale dira kontraesanak. Biziaren arrasto. Bi hanka, bi beso, sudur bat ditugu, eta kontraesanen habia handi bat, tarteka marmar egiten diguna gure baitako itsaso sakonetan.