Gutuna: "27 etxebizitzaren kronika"
Santi Angulo oreretarrak gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, hitzez hitz hark esandakoak:
Duela aste gutxi prentsan azaldu dute Esnabiden alokairu sozialeko 27 etxebizitza eraikiko direla lau urteko epean. Hala ere, hau aspalditik datorren kontua da. Hona hemen horren kronika txikia:
2003an Euskal Herritarrok-eko zinegotzi batzuek udalaren aurrekontuen aurkako errekurtsoa jarri zuten, udal gobernuak ez zuelako Lurzoruaren Legea betetzen, hots, ez zuelako legeak agintzen zuen diru kopurua hainbat helburutarako jartzen, garrantzitsuena, etxebizitzak eraikitzeko.
2007ko udaberrian, behin betiko epai batez, epaileak Oreretako Udala zigortu zuen 2003an jarri ez zuen dirua jartzera, guztira 3.467.834 euro.
2007ko udazkenean, epaia betetzeko, udal gobernuak eta EAE-ANVko zinegotziek akordio bat hitzartu zuten, udalbatzarrak 2007ko azaroaren 30ean aho batez onartu zuena. Akordio horretan, ezker abertzaleko zinegotziek, besteak beste, bi puntu hauek proposatu zituzten: lehenik, Arramendi parkean eraiki behar zen adinekoentzako eraikinaren ordez, gazteentzako etxebizitzak eraikitzea. Bigarrenik, Esnabiden alokairu sozialeko 27 etxebizitza eraikitzea.
Ordudanik 15 urte pasatu dira. Duela urte batzuk, Arramendiko Etxebeltz eraiki zen eta 4 urte barru, hau da, 20 urte pasatuta, Esnabidekoak eraikiko dira. Gai honen harira, hainbat kontutxo azpimarratu nahiko nituzke.
Lehenik, etxeak egiteko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena garrantzitsua da, baina etxe horiek egin ahal izateko planeamenduan jasotzea are garrantzitsuagoa da, hau gabe ezin baitira egin. Ondo legoke hau aitortzea.
Bigarrenik, udalak maiz hitz egin du etxebizitza sozialen eta gazteentzako etxebizitzen beharraz. Hala ere, hogei urte pasatuko dira halakoak eraikitzeko akordioa bete dadin. Beraz, edo ez zegoen hainbesteko beharrik, edo ez zuten presarik. Bitartean, epe horretan, Oreretan salmenta libreko 150 etxebizitza inguru eraiki dira. Beraz, udalak etxebizitza soziala egiteko zenbat diru bideratu duen publikoki azaltzea ondo legoke, arazo larri honi ematen dion benetako erantzuna jakin dezagun.
Hirugarrenik, gure herrian etxebizitza politika enpresa eraikitzaileek zehazten dute, beren interesen arabera eta udalak ia den-dena ekimen pribatuaren esku utzi du. Orain arte zerbait egin badu, ez da nahikoa izan, berriro ere, Lurzoruaren Legea bete gabe utziz. Ondorioa garbia da, etxebizitzen salneurria izugarria da, hain zuzen, behar gehien dutenentzat.
Azkenik, ondo legoke ere udalak etxebizitza horiek nondik eta nola lortu diren aitortuko balu, besteen lorpena ezkutatu eta paparrean domina jarri beharrean.
Santi Angulo. Orereta.