EMAKUME, 80ko amamen katean
Martxoko hitzorduak hala behar zuen. Zuei zer kontatu pentsatzen ari nintzela, horra non jaso nuen Hitza-ko lagunen deia: «Iritzia argitaratzea tokatzen zaizun astekariko gai nagusienak Martxoaren 8arekin lotura izango dutenez, zure testua ere horren bueltakoa izatea proposatzen dizugu».
Helduko diot eskaerari. Egia esan, Hitza-koek nahikoa konfiantza jartzen dute kolaboratzaileongan. Hainbeste urtetako elkarlanean lehen aldia da zer idatzi eskatzen didatena, beste guztietan libre utzi gaituzte zer idatziko. Eskertzekoa da konfiantza, geroz eta estuagoa eta itogarriagoa bihurtzen ari den kontrolpeko munduan.
Eskaria jaso nuenetik, nire baitan EMAKUMEk zer sortzen didan bila ari naiz. Zer iruditegi egikaritzen joan ote naiz jaio nintzenetik dimentsio horren baitan?
Emakumea ote naiz hala sortu nindutelako; nire barruan hala nintzela sentitu nuelako inoiz; kulturalki hala eraiki dudalako nire burua; edota denetik zerbait jasota eraiki/bizi dut nire emakumetasuna? Ez naiz erantzun garbi batera iritsi. Banaiz eta puntu. Honarte iritsi naiz.
Jorge Oteiza arte-gizon eta pentsalari handiak zioenez, 80 amamek elkartzen gaituzte Neolitoarekin. Horixe litzateke gu eta Neolitoko gure arbasoen arteko distantzia, kobazuloak utzi eta errio eta itsas-ondoko lur emankorragoetara abiatu ginen garaia, hain zuzen. Emakume eta amama kate luze horren katebegia sentitu naiz, indarrez sentitu dut azalarazten nire barru sakonenetik.
Emakume jaio ninduen mundura amak. 80 amamen katera lotzen nau berak. Sentitzen dut eskuineko eskua bere ezker eskuineko eskura sendo lotuta, eta hark amarenera helduta, eta beste harena ama zuen beste bati helduta eta hala lehen amama hura arte. Gertuen geratzen zaizkidan amona batzuen aurpegiak ezagutzen ditut, haien aurrekoenen izenak ere bai, baina azkar galtzen dira denboren tunelean. Hala ere, amaren eskuaren barrena iristen zaizkit haien guztien jakintza, babesa eta minak ere bai.
Amonak esan zigun lehengusinari eta bioi, neskatila ginela, sekula ez ezkontzeko. Bere garaian etxetik ateratzeko modu bakarra ezkontzea edota moja joatea omen zen, baina gure garaian lan egin eta inoren beharrik gabe bizitzeko aukera izango omen genuen. Zertarako ezkondu, orduan. Beti pentsatu dut gure amona bere garaitik kanpoko emakumea izan zela. Esango nuke berak, gure modura, feminismoa zer zen usaindu ere ez zuela egin. Eta, hara, bera izaki ikaspen feminista sakonenetakoa eskaini didana, oraindik ahaztu ez dudana.
Gogoeta denbora honetan ohartu naiz txikitatik neskak eta mutilak izan ditudala inguruan: ikastolan, etxean, lagunartean, udalekuetan… ez zait etorri egoera bakar bat ere propio neskak bezala sailkatuak geundenik. Eta hori aldeko izan dudalakoan nago. Esango nuke, gaztarora arte ez genuela generoaren desberdintasun kontzientzia hori izan.
Gure gaztaroko Oreretan gauzak ez ziren samurrak neskentzat. Gaur bai eta bihar ere bai erasoak eta bortxaketak gertatzen ziren auzoetan. Gure aitek etxeko sukaldeetan guk entzun ez genezan ahopeka zaintza patruilak antolatzen zituzten nesken etxeratzea babesteko. Inork ez zigun zuzenean hitz egin neska izateagatik gurekin generaman kalteberatasunaz, ez zen kanpainarik behar izan, baina ikasi genuen etxerakoan pausoa bizkortzen.
Ingeniaritza unibertsitatera iritsi nintzen. Han neskek komunera joateko atezainari giltza eskatu behar genion. Asaldatuta protesta egin genuen, lehen aldiz mutilen aurrean diskriminatuta sentituta. Gure segurtasunerako neurria zela entzun behar izan genuen, «mutilez betetako inguru hartatik babesteko».
Ondoren, langileen arteko soldata arrakala generoaren arabera antolatuta ez dagoen sektore batean lan egitea egokitu zait. Beraz, ezin dut esan emakume izateak asko baldintzatu nauenik nire lan ibilbidea.
Bihotzeko leku kutunean ditut erasoak jasan dituzten lagunak. Urte luzez otsoarekin bizitzen aritu ondoren, salatzeko ausardia bildu arren, otsoak edozein bazterretik zelatatzen jarraitzen ditu, bere aukeraren zain. Eta ezin dut eraman; nola?
Ama, estu hartu nahi dizut eskua, 80 amamako katearen parte izan nahi dut. Emakumeok sekula galdu behar ez genuen dagokigun lekua berreskuratzen dugunean, denentzako ederragoa eta abegikorragoa izango den mundua lortzetik gertuago egongo baikara: pertsona guztiak eskubide guztien jabe izango gara, orduan.