Irune Balentziaga Kultura zinegotziaren prentsa oharra, madalenei buruz
Jai Batzordearen eta Kultura batzordearen balorazio sakonago bat egingo badugu ere irailean, Kultura zinegotzi naizen aldetik eskerrak eman ez ezik, Madalenak ondo ateratzeko ahalegina egin eta konpromisoa hartu duten herritar eta eragile guztiak zoriondu nahi ditut. Haien lanik gabe ez genuke jairik izango, eta errekonozimendua garrantzitsua da lanean jarraitzeko indarrak har ditzaten.
Eskerrak eman nahi dizkiet baita ere, herriko jaiak antolatzen laguntzen duten udaleko sail guztiei eta bertako langileei haien lana ere ezinbestekoa baita herriko jaiak aurrera atera ahal izateko. Aipamen berezia egin nahiko nieke Babes Zibileko kideei ere, askotan ikusten ez den lan boluntarioa burutzen dutelako eta ezinbestekoa delako. Mila esker guztiei!
Alderdi guztietako ordezkariei ere, jaiak hobetzeko ahaleginean eskua luzatu digutelako. Ezin ahaztu omenduak, Mikel Izagirre eta Errenteriako Musika Kultur Elkartea. Esker mila herriarentzat egiten duzuen lanarengatik eta eskaini dizkiguzuen une hunkigarri eta bereziengatik.
Eskerrak eman nahi dizkiet baita ere, Madalenetan eguneko jarraipena egiteko sortu diren bitartekoetan kolaboratu duzuen herritar guztiei.
Madalenak giro ederrean igaro ditugu, ehunka ekintzatik gora antolatu eta milaka lagunetik gora igaro direlarik… Kontzertuak, lehiaketak, herri bazkariak, poteoak, danborradak, antzerkia, ikuskizunak, haurren txokoak, kukaña, sorpresak… Herritik herriarentzat egindako festak!
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, sexu aukeren arteko berdintasunean eta jatorri, kultura eta izaeren arteko berdintasunean, festak gozatzeko gonbitea egin genien herritarrei eta Errespetuan, Aniztasunean eta Berdintasunaren baloreak aintzat hartuz ekin genien jaiei. Helburu horiekin lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, elkarteen arteko harremanak bultzatuz, udala eta elkarteen artean sareak sortuz eta herriko jaiak antolatzeko ardura guztien artean elkarbanatuz.
Oro har herriko jaiez inoiz baina gehiago gozatu ahal izan dugu, berritasun ugarirekin eta eguraldia lagun izan dugula. Nire zorion eta agurrik zintzoenak guztiei, plazera izan da zuek guztiekin lana egitea eta guztien artean sortutakoa bizitu, sentitu eta gozatzea.
Harro nago gure Herri Biziaz,
Mila esker.