Lurra laua da
HITZ HARTUAK
Zutabe honetan idazteko gonbidapena jaso nuenean, lagun batek gogorarazi zidan ez zela komeni beti gai berak hartzea aztergai. Berak, ni ongi ezagutzen bainau, esan nahi zuen ezingo nuela beti euskarari buruz aritu; hau da, munduan eta gure inguruan, hizkuntzakoez eta kulturakoez gain bestelako gauzak ere gertatzen direla. Arrazoia eman nion gehiegi pentsatu gabe, baina ohartu nintzen hezi gaituzten hizkuntzak eta kulturak bigarren azala osatzen digutenez, hori ez dela, inola ere, bazterreko kontua.
Aholkuari, ustez behintzat, kasu egin nion eta saiatu izan naiz askotariko gaiak ekartzen. Gaurkoan, ordea, oporren aurreko azken zutabe honetan, euskarari buruz aritu nahiko nuke, berriro. Izan ere, gizarte moderno, demokratiko eta askatasun indibidualen defendatzaile sutsua den honetan, itxuraz dena da posible, eta hizkuntzen arteko hierarkia, hau da, botere diferentzia existituko ez balitz bezala hitz egiten du jende gehienak.
Zer arazo dugu bada euskaldunok gazteek euskarazko musika entzun nahi ez badute, euskaraz argitaratzen diren liburuak ez badira saltzen, jendeak euskara baino nahiago badu ingelesa ikasi, euskal artistek gustukoago badute gaztelera edo ingelera? Bakoitzak egin dezala nahi duena, hautu aske bat da eta ez dugu zertan gure hizkuntza inposatu.
Konforme gaude diagnostiko horrekin oso aurrerakoiak, pentsamendu zabalekoak, arrazionalak eta askeak baikara. Nola hasiko gara, bada, gure herrian gure hizkuntza inposatzen? Inon egiten al da ba horrelakorik? Derrigorrezkoa al da Alemanian alemaniera, Errusian errusiera edo Italian italiera? Bai zera! Lurralde horietan ere, askatasun erabatekoa du bakoitzak nahi duen hizkuntzan bizitzeko.
Nolanahi ere, azter ditzagun honako egoera hauek: joan gara medikuarengana edo dentistarenera, eta egin digu jaso behar dugun tratamenduaren aurrekontua gaztelera garbian; iritsi gara hitzordua dugun jatetxera, eta karta gaztelera batuan eta beste hainbat erderetan; kalean lagun batzuekin topo egin orduko esan digute, ‘kasu! Ondoko honek ez daki euskaraz eta egin ezazu gazteleraz’; joan gara abesbatzako entsegura eta koreografiak nola egin erakutsi behar digun antzerki gidariak, gaztelerak beti grazia eta etorri gehiago baitu, espainol txukunean egin digu, euskaraz ere badakien arren; fakultatean hitzaldi interesgarri bat badela ikusi dugu eta joatea erabaki dugu, baina hara non, hizlaria gazteleraz mintzatu den, nahiz eta entzule gehienak eta hizlaria bera ere euskaldunak izan; haur txikiarekin pediatrarenean, zer sintoma dituen guk azaldu behar diogu, haurrak hizketan primeran dakien arren; hango aita hura kezkatuta dago bere semeak edo alabak ez ote duen behar bezain ongi ikasiko gazteleraz eta ondorioz, etxean umearekin euskaraz egiteari utziko dio erdaraz lehenbailehen ikas dezan, eta hor barrena ez dadin irrigarri geratu.
Gertakizun deigarrien edo ez normalen zerrenda nahi adina luza genezake, baina ondorioa beti bera izango litzateke. Horiek guztiak ez dira normalak estatu baten babesa duten hizkuntzetan aritzen diren hiztunentzat. Era berean, erabat arruntak eta ohikoak dira hizkuntza gutxituetako hiztunak garenontzat. Eta halere, askotan ematen du hizkuntzaren inguruko hausnarketak iritziaren araberakoak direla; hau da, zer nolako hizkuntza-kontzientzia duzun, halako iritzia.
Norbaiti bururatuko al litzaioke grabitatearen legea zalantzan jartzea, edo eguzkia lurraren inguruan biraka dabilela esatea? Gorputzek beste gorputzen gainean eragiten duten erakarpen indarra nola gertatzen den ez dugu hautematen, baina ziur gaude Newtonen grabitatearen legea beti betetzen dela, eta egunero eguzkia nola ateratzen eta sartzen den ikusi arren, badakigu lurra dela eguzkiaren inguruan dabilena. Gure bizipenek eta esperientziek zuzenean hori erakusten ez badigute ere, egia horiek ez ditugu auzitan jarriko barregarri geratu nahi ez badugu.
Hizkuntzari eta hizkuntzen arteko harremanari dagokionez, ordea, bakoitzak izan duen esperientziaren eta duen ideologiaren araberako iritzia ematen du eta uste izaten du iritzi guztiek zilegitasun bera dutela. Jakina, adituek eta datuek garbi adierazten dute hizkuntzen gutxitze prozesuak ia-ia modu berean gertatzen direla planeta osoan.
Herri bakoitzak hizkuntza bat eta bakarra izatea izan da naturala eta hizkuntza horrek gizarte horretako funtzio guzti-guztiak bete izan ditu. Zer gertatzen da gizarte elebidunetan? Bi hizkuntza jarriko dira aurrez aurre, ez baita posible hizkuntzan arteko erabateko orekarik egotea eta ondorioz, bietako bat funtzio batzuetarako baliogabetuko da. Horri esaten zaio hizkuntza bat gutxitzea; alegia, funtzio edo eginkizun batzuetatik (hain justu garrantzitsuenak diren horiek) kanpo uztea, horretarako ez duela balio edo ez dela egokia argudiatuz. Gerora etorriko dira gutxiespen epaiak eta transmisioaren etetea. Eta noski, prozesu hori guztia ez da ez ausazkoa, ez naturala, ez eta iritzi kontua ere. Munduko hainbat eta hainbat estatutan prozesu bera errepikatu da ia modu berean. Nahi duenak begira diezaiola UNESCOk munduan galtzeko zorian dauden hizkuntzekin egindako mapari eta konturatuko da zein den munduan barrena dauden milaka hizkuntzen egoera.
Grabitatearen legeek gorputzen erorketa azaltzeko erabiltzen dituzten formulen adinako zehaztasunarekin aurreikus eta azaldu daiteke kasik munduko hainbat hizkuntzari gertatutako gutxitze prozesua, nahiz eta matematikako formula zehatz batekin azaldu ezin den.
Euskara ez da galduko beharrezkoa bada esan zuen Txillardegik eta hori da gutxitua dagoen hizkuntzak lortu ezin duena, definizioz baita aukerakoa. Eta horregatik da premiazkoa euskarak berriz ere funtzio guztiak betetzea.