Pertsona moreak
Eguzkia atera da eta plana proposatu dizute: San Pedrotik Grosera doan Uliako bidea egitea. Bikaina, pentsatu duzu, baina jarraian gehitutako mezuak zure baiezkoa zalantzan jarri du: hartu bainujantzia badaezpada, hartara hondartzan bainu bat har dezakegu eta!
Irudikatu duzu zure burua harea artean, bikinitan, erdi biluzik eta, segidan, itsaslabarra agertu zaizu parez pare. Arriskua, beldurra, lotsa. Momentu batez, edozein aitzakia ona izango da plana ez egiteko, edo, bederen, saria behar lukeen bainua ez hartzeko.
Zenbat lan ematen dizkidazun, gorputz. Edo ni naiz zuri lanak ematen dizkizuna? Egiari zor, burua da gure arteko harremana hobetzeko esfortzu handiegirik egiten ez duena, ezta? Izozki bat jaten dugun aldiro errudun sentitzen da, lagunaren argaltasunak txiki sentiarazten du eta galtza batzuk probatzea arazo izaten da sarritan; urtero du obsesio txiki berri bat. Eta urtero osasuna, dirua eta denbora galtzen ditugu zu aldatzeko, gogoz kontra askotan. Hori gutxi balitz, epaitu ere egiten du.
Pluralean arituko naiz ondo baderitzozu, hau hiruon afera baita —buru, gorputz eta niarena—. Kontraesanez josita gaude, hori da gure errealitatea. Erakargarri suertatzen zaizkigu entsalada bat beharrean hanburgesarik jariatsuena eskatzen duten pertsonak, edo hori argal daudenekin bakarrik gertatzen zaigu? Babesten ditugu norberaren gorputza den bezalakoa onartzeko aldarrikapenak —eta argitalpenak—, ala pertsona gizenek bakarrik egin ditzakete horrelakoak?
Albert Espinosa idazleak El mundo amarillo izeneko liburu ezagunean pertsona horiak identifikatu zituen bezala, moreak atera nahiko nituzke argitara. Gorputza balio estetikotik harago eramateko borroka arintzen dutenak, gune segurua direnak edota izan nahi dutenak.
Maddalen Arenaza Aramendia da horietako bat. Gure artean ezezaguna den Lipedema gaixotasuna diagnostikatu diote berriki, eta hura ezagutzera emateko kontua sortu du Instagramen: @Lipedemaetani. Berak ez dakiena da mugimendu bat ere hasi duela, bere borroka gurea ere badelako. Hauxe du lema: izena jarri zionean, bere begiak zabaldu eta gainontzekoenak itxi ziren.
Uda honetan deskubritu ditugun gune nudistek —eta bertaratzen den pertsona bakoitzak— ere merezi dute aipamena. Bertan jendeak lasai zirudien, itxura bat eman nahi izatetik urrun. Hondartzako aulkian hankak zabalik eta kupela agerian eguzkia hartzen, ileak, txitxiak eta askotariko tamainak paisaiaren parte egiten, aske. Gorpuzkerak ez ziren ez aldarrikapen ezta ezkutatzeko motibo ere.
Nik ere more izan nahi dut eta hori ez epaitzeko ahalegina egitetik has daiteke. Ezagutzen al duzu bost segundoen araua? Honela dio: beste pertsona baten edo gure itxuran bost segundotan konpon ezin daitekeen zerbait ikusten baduzu, ez iezaiozu esan —ezta albokoari ere—. Ez du merezi eta min ematen du.
IRAKURKETA ERRAZEAN
Askotan, lotsa sentitzen dugu hondartzara joatean eta bainujantzia janztean.
Jendeak kritikatuko gaituela pentsatzen dugu.
Adibidez, gure kiloengatik, altueragatik edo marka batengatik.
Baina garrantzitsua da gorputz mota asko daudela ulertzea. Eta denak maitatzea.
Izan ere, gorputz guztiak dira politak.
Pertsona batzuekin oso ondo sentitzen gara eta pertsona moreak deitzen zaie.
Adibidez, Maddalen Arenaza Aramendia pertsona morea da.
Lipedema izeneko gaixotasuna du eta horrek hankak eta besoak handitzen dizkio.
Jendeak gertatzen zaiona ezagutzeko kontu bat sortu du Instagramen: Lipedema eta ni.
Oso lan ona egiten ari da.
Hondartzan eta beste toki batzuetan biluzik ibiltzen direnak ere pertsona moreak dira.
Aske sentitzen dira arroparik jantzi gabe.
Ondorioz, gu ere aske sentitzen gara haien ondoan.
Zuk ere morea izan nahi baduzu, ez duzu kritikatu behar. Ez zure gorputza, ez besteena.