Batzar Nagusiak, Irungo Aduanaren alde
EAJren ekimenez, Aduanaren ordutegi murrizketa aldatzeko eskatuko dute Batzar Nagusiek Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) batzarkide Eider Mendoza hondarribiarrak Irungo Aduanaren gainean aurkeztutako proposamena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. E...
EAJren ekimenez, Aduanaren ordutegi murrizketa aldatzeko eskatuko dute
Batzar Nagusiek
Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) batzarkide Eider Mendoza hondarribiarrak Irungo Aduanaren gainean aurkeztutako proposamena onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Espainiako Zerga Administrazioko Agentziak Aduana arratsaldetan eta larunbat goizetan ixtea erabaki zuen, eta murrizketa horiekin bukatzeko eskatzen zuen EAJren proposamenak, “Aduana arratsaldetan eta larunbat goizetan ez irekitzeak Bidasoko ekonomiari kalte egiten diolako”. Hortaz, Batzar Nagusiek Espainiako Zerga Administrazioko Agentziari eskatuko die murrizketa horiekin bukatzeko.
EAJren proposamena Jose Corchon batzarkide bidasoarrak defendatu zuen herenegungo batzarrean. Corchonek bilkuran esan zuenez, “ahaleginak egiteko garaia da, bai lehiakorrak izateko, bai lanpostuak sortzen jarraitzeko. Ezin dugu onartu enpresei eta Irungo langileei halako kalteak egitea. Bidasoko ekonomiari min egiten dio Aduanaren ordutegi murrizketak”. Irungoaren ordutegia beste aduanen berbera izateko ere eskatu zuen.
PSE-EE, “ados”
PSE-EE “ados” azaldu da Batzar Nagusien erabakiarekin. Maite Cruzado sozialisten Batzar Nagusietako bozeramaile irundarraren ustez, “ordutegi murrizketa zorigaiztoko neurria izan zen. Espainiako Estatuaren menpe dauden beste bulego batzuetan ez da horrelako murrizketarik egin, beraz, Irungo Aduanaren kasua ulertezina zen”.
Cruzadok nabarmendu du gaiaren gainean Irungo alderdi politikoek izan duten irizpide batasuna, «hiriaren ekonomiarako eta lehiakortasunerako garrantzitsua baita Aduanaren ohiko ordutegia mantentzea”.
