Joan den ekitaldiko irteera ofiziala. Aurten eguraldi hobea egingo duela iragarri dute
Etzi da lasterketa desiratu, herrikoi eta berezienaren eguna. Igandean egingo dute Behobia-Donostia herri lasterketaren 47. ekitaldia. Milaka korrikalarik hartuko dute parte —23.016k izena eman dute—, baina askoz gehiago izango dira errepidearen bi bazterretan elkartuko diren zaleak, hogei kilometro luzeko ibilbidean. Lasterketako lehen hamasei kilometroak Oarso Bidasoan egingo dituzte, zortzi Bidasoan eta beste horrenbeste Oarsoaldean.
10:20an hasiko da aurtengo Behobia-Donostia lasterketa; ordu horretan gurpildun aulkietako kirolariak abiatuko dira. Hogei minutu beranduago patinatzaileak irtengo dira. Azkenik, korrikalarien lehen irteera 11:00etan izango da, eta 11:44an aterako da oinezkoen azken taldea.
Fortuna Kirol Elkartearen webgunean ibilbidea, ordutegi guztiak, eta beste hainbat jakingarri aurki daitezke behobia-sansebastian.com webgunean.
Eta urtero bezala lasterketak trafiko eragozpenak sortuko ditu Bidasoko eta Oarsoaldeko herrietan, irteeratik bertatik hasita.
Trafiko mozketak Bidasoan
Pausu eta Behobia arteko zubia goiz-goizetik moztuko dute, eta Santiago zubia erabili beharko da Gipuzkoatik Lapurdira eta Lapurditik Gipuzkoara autoz joateko.
Trafiko eragozpen gehienak Irunen sortuko dira, batez ere Behobian. Udaltzainek 06:00etatik 13:00etara Osinbiribil eta Zaisa III biribilguneen arteko bidea moztuko dute. Nafarroatik datorren trafikoa Antonttipitik desbideratuko dute, eta Nafarrorantz doana Dario Regoyos kaletik. Gainera, 10:10tik 12:15era lasterketaren ibilbideko trafikoa moztuko dute: Nafarroa etorbidea, Colon pasealekua, Gipuzkoa etorbidea, Elizatxo eta Katea.
Eragozpenak Oarsoaldean
Lezon ere Behobia-Donostiak trafikoan eragingo du. N-1erako irteerak 10:45ean erabat itxiko dituztenez, ordu hori eta gero autoz Lezotik atera nahi dutenek, bezperatik Altamira auzoan utzi behar dute ibilgailua.
Errenteria-Oreretan, saihesbideko irteera bat, Altamirako biribilgunera doana, itxiko dute. Ondorioz, herriko gainontzeko irteera eta sarrerak erabili beharko dira, 14:00ak arte.
Probak Pasaian egiten duen ibilbidea Antxon eta Trintxerpen egiten du. Antxon da, hain zuzen ere, trafiko eragozpenik sortzen ez duen barruti bakarra, korrikalariak portutik doazelako. Donibanetik Errenteriara doan errepidea 10:30etik 14:00etara moztuta egongo da. Ordu berean moztuko dute Trintxerpeko Euskadi etorbidea, eta hortik bertatik eta San Pedrotik irten nahi dutenei eragingo die.
Eragina autobusetan ere
Ekialdebusek jakinarazi du hainbat zerbitzu ezin izango dituela eman lasterketa egingo den orduetan. Bidasoan, E25, E26 eta E21 lineek mozketak izango dituzte. Hondarribia eta Irun artean zerbitzua ematen duen E25 autobusaren azken autobusa 09:35ean irtengo da Irundik, eta 12:45ean lasterketa ondorengo lehena.
Irun eta Donostia arteko E26 lineako azken autobusa 09:00etan abiatuko da Irungo Gipuzkoa etorbidetik, eta gutxi gorabehera 13:00etan itzuliko da zerbitzua; bitartean, Hondarribia kaleko geltokia izango da lehen eta azken geltokia. Mozketak irauten duen bitartean Donostian bi geltoki ezabatuko dituzte, Gipuzkoa enparantzakoa eta Okendo kalekoa, eta Pasai Antxo, Buenavista eta Eskalerilak geltokiak ere kenduko dituzte; gertueneko geltokia Kaputxinoetakoa izango da.
E21 autobusaren Donostiako geltoki batzuk ere ezabatuko dituzte, 11:00etatik 15:00etara: Loiolako erriberak, Mundaiz zubia, Maria Kristina zubia, eta Gipuzkoa enparantza; gertuen geratuko den geltokia tren geltokikoa izango da.
Oarsoaldean, E01, E08 eta E09 lineek aldaketak izango dituzte. Donibane eta Donostia arteko autobusak, E01ak, lasterketa baino lehen egingo dituen azken irteerak hauek izango dira: 09:40ean Donostiatik, eta 10:03tik Donibanetik. Ekialdebusek uste du 13:03erako irtengo dela berriz ere autobusa Donibanetik.
Trintxerpe Gaina eta Donostia arteko E08 autobusak, bestalde, ez du goizean zerbitzurik emango; 15:10ean irtengo da lehen ibilgailua. Eta San Pedro eta Donostia lotzen dituen E09 linearen azken autobusa 10:20ean aterako da San Pedrotik. 10:40tik 14:00etara lehen eta azken irteera Carbonesen izango da, portuko sarreraren hesiaren ondoan.
Oharra:
Bidali gure e-postara lasterketako argazkiak eta argitaratuko ditugu: