Lehen Mailako taldeari baino, gazteei eman die lehentasuna Saskilagunak-ek
Udan kirolak eman duen albiste garrantzitsuenetakoa zorigaiztokoa izan da. Eibarko Arrate Eskubaloi Elkartea desagertu egin da. Diru eta finantzazio arazoak izan dira eskubaloiko mailarik gorenean, Asobal Ligan, zegoen Gipuzkoako talde bakarra desagert...
Udan kirolak eman duen albiste garrantzitsuenetakoa zorigaiztokoa izan da. Eibarko Arrate Eskubaloi Elkartea desagertu egin da. Diru eta finantzazio arazoak izan dira eskubaloiko mailarik gorenean, Asobal Ligan, zegoen Gipuzkoako talde bakarra desagertzeko arrazoiak. Baina maila txikiagoetan ere halakorik izan da herrialdean. Horren adibide Oiartzungo Saskilagunak saskibaloi taldea.
Urte askoan harrobiko lan gogorra egin ondoren, eta zailtasunak zailtasun, Gipuzkoako Lehen Mailako Ligan jokatu zuten iaz. Oso liga erregularra egin zuten, eta horrek, lauko finalean jokatzeko eskubidea eman zien oiartzuarrei.
Liga eta igoera erabakitzeko fase horretan ez zituzten helburuak lortu, baina datozen urteetan berriz ere igoeraren erronkari eusteko gogoa zuten. Baina ametsa desegin zaie.
Izan ere, kirol elkarteak lanean jarraitzen duen arren —orotara zazpi talde dituzte egun, gizonenak eta emakumeenak—, taldearen lanaren erakusle nagusiena zen gizonen lehen mailako taldea desagertu egin da.
Oiartzungo Saskilagunak-etik jakinarazi dute ezin izan dutela taldea osatzeko adina jokalari biltzeko aukera izan, “jokalari batzuk erretiroa hartu dutelako”.
Beraz, bi aukera izan zituzten esku artean oiartzuarrek: Gazte Mailako jokalariak lehen taldera igo, edo eliteko taldea bertan behera utzi. Bigarren aukera hautatu zuten taldearen arduradunek. «Gazte Mailako kirolariak euren mailan garatzeko aukeraren alde egin dugu. Beraz, plaza saldu dugu», aitortu dute Saskilagunak-etik.