Gutuna: Etorkizunean sinisten dugulako, bizitzeko irrikaz gero
2012ko urte mundialaren atarian gaude eta bizitzeko irrikaz. Normalizazio politikoaren bidea jorratzen hasi besterik ez garen aro berri honetan bidea egin beharko dugu guztion artean, Euskal Herriak “herri” izateko ditugun oztopoak gainditu ahal izateko. Aurten denon inplikazioa eskatuko duten zenbait ekimen baditugu oroitu beharrekoak, alde batetik nafarrok kolonizatuak izan gineneko 500 urte betetzen ditugunekoa; bestetik, 90 urte EAB (Emakume Abertzale Batza) sortu zenekoa, eta Lezori dagokionean, aurtengo azaroaren 12an ehun urte beteko zituzkeen Miren Gezala Sagarzazu gure herriko lehenengo ikastolako andereñoak eta horra kasualitatea! Heldu den igandean urtarrilak 22, ikastola berriaren inaugurazioa ospatuko dugu Lezon. Ekimen esanguratsuagorik euskaldunontzat! Ikastola sortu arte denbora luzean kezkak, zalantzak, borrokak, denetik ezagutu ditugu, baita ongi egindako lanaren ondorioz sortutako bizi-poza ere. Eta poz horri esker gaur arte iraun dugu, bizitzeko irrika genuelako eta dugulako oraindik ere, eta horren isla, horra berriro ikastola Lezon. Urtarrilaren 22a egun garrantzitsua dudarik gabe euskaldunontzat. Jakin badakigu, Ikastolak ez direla ekimen isolatuak herriaren eraikuntzan, baina bai ezinbestekoak. Asko izan dira ekimen honetan sinetsi izan dutenak eta gaur egun ere sinesten dugunak. Baina are gehiago egin behar dugu ikastola honen motorra berrabiarazteko, herri osoaren konpromisoa eskatzen baitu, guztiok garelako eragile. Euskal Herriak HERRI izaten jarrai dezan herritarron parte hartzea eskatzen [...]
2012ko urte mundialaren atarian gaude eta bizitzeko irrikaz. Normalizazio politikoaren bidea jorratzen hasi besterik ez garen aro berri honetan bidea egin beharko dugu guztion artean, Euskal Herriak “herri” izateko ditugun oztopoak gainditu ahal izateko.
Aurten denon inplikazioa eskatuko duten zenbait ekimen baditugu oroitu beharrekoak, alde batetik nafarrok kolonizatuak izan gineneko 500 urte betetzen ditugunekoa; bestetik, 90 urte EAB (Emakume Abertzale Batza) sortu zenekoa, eta Lezori dagokionean, aurtengo azaroaren 12an ehun urte beteko zituzkeen Miren Gezala Sagarzazu gure herriko lehenengo ikastolako andereñoak eta horra kasualitatea! Heldu den igandean urtarrilak 22, ikastola berriaren inaugurazioa ospatuko dugu Lezon. Ekimen esanguratsuagorik euskaldunontzat!
Ikastola sortu arte denbora luzean kezkak, zalantzak, borrokak, denetik ezagutu ditugu, baita ongi egindako lanaren ondorioz sortutako bizi-poza ere. Eta poz horri esker gaur arte iraun dugu, bizitzeko irrika genuelako eta dugulako oraindik ere, eta horren isla, horra berriro ikastola Lezon.
Urtarrilaren 22a egun garrantzitsua dudarik gabe euskaldunontzat. Jakin badakigu, Ikastolak ez direla ekimen isolatuak herriaren eraikuntzan, baina bai ezinbestekoak. Asko izan dira ekimen honetan sinetsi izan dutenak eta gaur egun ere sinesten dugunak. Baina are gehiago egin behar dugu ikastola honen motorra berrabiarazteko, herri osoaren konpromisoa eskatzen baitu, guztiok garelako eragile.
Euskal Herriak HERRI izaten jarrai dezan herritarron parte hartzea eskatzen du euskal hezkuntzak eta euskarak eta hori oso ongi zekiten arestian aipaturiko EAB mugimenduko emakume haiek, sekulako lana egin baitzuten euskararen eta euskal kulturaren transmisioan batik bat, eta hori ez dugu ahaztu behar. Lezon ere izan genuen emakume talde eragilea, eta Miren Gezala andereñoa, horietako bat zenez, Mirenengan islatu nahi ditugu emakume aktibista guzti haiek, geroan sinesten zutelako, bizi poza lau haizetara hedatuz.
Beraz, igandean elkartuko garen bezalaxe denok batera ekin diezaiogun aurrerantzean ere gure aurrekoek hasitako ibilbideari. Bakoitzak bere bidean baina helburu berarekin. Gu beste inor ez delako gure etorkizunaren jabe, eta gure seme-alaben Euskal Herri berria eraikitzeko irrikaz gaudelako. Goazen ikastolara! Gora ikastola! Gora Euskal Herri euskalduna!
Agustina Pontesta. Lezo.
