Sevillan, Londresen eta etxean ariko dira Irungo arraunlariak asteburuan
Santiagotarrak Arraun Elkarteko pista arloko piraguistak Sevillara (Andaluzia, Espainia) joan dira Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Guztira Irungo 11 palista hautatu dituzte Sevillarako, eta dominaren batekin itzultzeko helburuarekin joan dira. B...
Santiagotarrak Arraun Elkarteko pista arloko piraguistak Sevillara (Andaluzia, Espainia) joan dira Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Guztira Irungo 11 palista hautatu dituzte Sevillarako, eta dominaren batekin itzultzeko helburuarekin joan dira.
Bestalde, aulki mugikorreko nagusien lemazaindun zortzikoa Londresen dago egunotan, asteburuan Tamesis ibaian jokatuko den Head of the river estropadan parte hartzeko. Iaz lortutako emaitza hobetzea izango dute helburu bezala —40. postuan geratu ziren 2011n—; 400 ontzi inguruk hartzen dute parte Head of the river lasterketan.
Eta klubaren asteburuko agenda osatzeko, Irungo elkarteak antolatuta, XXXIII Nazioarteko Bidasoako Slaloma-XXVIII. Javier Ramos Memoriala egingo dute asteburuan Bidasoa ibaian, San Migel eremuan da; zazpigarrenez, Espainiako Slalom Olinpiko Ligako lehen proba izango da. Larunbatean sailkapenak egingo dituzte, eta igandean finalerdiak eta finalak.
