Udaberrian Euskaraz, Elizalde Institutuan
Martxoaren 19-23 bitarterako, Elizalde Institutuak eta bertako Ttirikittauki Euskara Batzordeak, Udaberrian Euskaraz kultur-ekimena sortu eta antolatu dute. Aste osoan zehar, ikasle guztiek euskal hieroglifiko eta igarkizunen txapelketan parte ahal iza...
Martxoaren 19-23 bitarterako, Elizalde Institutuak eta bertako Ttirikittauki Euskara Batzordeak, Udaberrian Euskaraz kultur-ekimena sortu eta antolatu dute.
Aste osoan zehar, ikasle guztiek euskal hieroglifiko eta igarkizunen txapelketan parte ahal izateaz gain, argazki sorta bateko protagonistak nor diren asmatzeko erronkari ere aurre egin beharko diote.
Egun handia, hala ere, martxoaren 21a izango da (asteazkena), udaberriaren lehen eguna. Mailaz mailako hitzaldiak eta guztientzako azoka berezia antolatu dituzte ikasleentzako.
Hainbat esparrutako lau hizlari ariko dira euskara eta euskalduntasunaren inguruko gaiak azaltzen: Jon Maia, Irati Odriozola, Dei Gaztelumendi eta Erlantz Urtasun.
Hitzaldiak bukatutakoan, azokaz gozatu ahal izango dute ikasleek. Bertan, txalaparta entzun eta jo, euskal abestien karaokean parte hartu, Euskararen Eguneko bideoa ikusi eta euskaren aldeko leloa eramango duen murala zuzen-zuzenean egiten ikusi ahal izango dute.
Astean zehar, gainera, euskal kulturarekin lotutako ekintzak ere aurreikusita dituzte; besteak beste, Joxe Mari Karrere ipuin kontalariaren agerraldia eta Ekain Berrira irteera.
