Hiriko kultur ondarea sustatuko du Arma Plaza Fundazioak
Iragan asteazkenean Arma Plaza Fundazioko Patronatuaren lehengo bilera egin zuten udaleko areto nagusian. Erakundeak egindako lehen urrats ofiziala izan zen. Erakundearen helburua da Hondarribiko kultur ondarea kudeatu eta sustatzea. Hiriko ondareari b...
Iragan asteazkenean Arma Plaza Fundazioko Patronatuaren lehengo bilera egin zuten udaleko areto nagusian. Erakundeak egindako lehen urrats ofiziala izan zen. Erakundearen helburua da Hondarribiko kultur ondarea kudeatu eta sustatzea. Hiriko ondareari balioa ematearen aldeko apustua egingo dute, inbertsio publikoetatik aberastasuna sortzeko.
«Azken urteetan frogatu dugu inbertsio handiko birgaitze lanak egiteko gai garela, baina bigarren zatia geratzen zaigu, ondare horri etekina ateratzea. Helburu horrekin sortu da fundazioa», azaldu du Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak.
Hamabost urte lanean
Fundazioa sortzeko ideia ia hamabost urtez, eta «borondate hutsez» lanean daraman Historiaren Lagunak elkartearena izan da. Kerejetaren arabera, «nekeza» izan da fundazioa martxan jartzea, baina oso beharrezkoa da Hondarribirako: «Ez dugu jakin izan gure ondarearen balio historikoa transmititzen. Hori dela eta, azterketa bat egin genuen, ikusteko zein zen kultur aberastasun horri balioa emateko modurik egokiena. Eta gure ingurua kontuan izanda, eta administrazio lan guztia arintzeko asmoz, parte hartze pribatua bere barruan zuen fundazio publikoa aukeratu genuen».
Datozen asteetan azken kudeaketa lanak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzako Fundazioen Erregistroan, eta ondoren abian jarriko dute Arma Plaza Fundazioa. Aurten, fundazioa «era funtzionalean» lanean hasiko da, eta bi lantalde sortuko dituzte, hasierako egitasmoak lantzeko.
