Atez atekoa hizpide hartuko dute biharko plenoan
Bilduk gaiaren gaineko mozioa eramango du eztabaidara; plenora joateko deialdia egin du ezker abertzaleak Apirileko ohiko udalbatzarra behar zuena bihar egingo da Trintxerpeko alkateordetzan, 18:00etatik aurrera, eta eztabaida, behintzat, ez da faltako...
Bilduk gaiaren gaineko mozioa eramango du eztabaidara; plenora joateko deialdia egin du ezker abertzaleak
Apirileko ohiko udalbatzarra behar zuena bihar egingo da Trintxerpeko alkateordetzan, 18:00etatik aurrera, eta eztabaida, behintzat, ez da faltako. Bost mozio ageri dira gai zerrendan, lehena Bilduk aurkeztutakoa, hondakinen bilketari buruzkoa.
Jakina denez Pasaian hondakinak atez ate biltzeko sistema ezartzea aurreikusita dago, eta gaiak nahikoa jakin-min piztu du herritarren artean.
«Gaiaren garrantzia dela eta», Pasaiako ezker abertzaleak udalbatzarrera joateko deia zabaldu du, www.pasaiaezkerretik.com webgune berriaren bidez. Bideo bat ere landu dute gaiaren harira.
Horrez gain, beste lau mozio eztabaidatuko dituzte: hiru Pasaiako Ezkerrak aurkeztuta eta bat EAJk defendatutakoa. EAJrena homofobia, lesfobia eta transfobiaren kontrakoa da, eta Pasaiako Ezkerrak aurkeztutakoak, berriz, ondorengoak: harategi eta arrandegietan ontzi berrerabilgarriak erabiltzeari buruzko mozioa; erlijioak OHZ ordaintzetik salbuesteari buruzkoa; eta, Pasaiako udalerria Espainiako Hirugarren Errepublikako udalerrien sarera biltzeari buruzkoa.
Kontratazioa, ondare eta zerbitzu juridikoen atalean, aldiz, aldundiaren planaren 15. Ekintza berriro diseinatzea botatuko dute batetik, eta bestetik, Trintxerpeko erretiratuen etxeko taberna ustiatzeko hitzarmen espedientea onartu ala ez erabakiko dute. Ondasunen inbentarioa zuzentzeko proposamena ere egingo dute. Azkenik, 2012rako zerga ordenantzari behin-behineko onespena ematea aurreikusita dago.
