Arraun elkarteak biltegi “handiagoa, merkeagoa eta erosoagoa” edukiko du
Hondarribia Arraun Elkarteak leku berria izango du ontziak gordetzeko. Joan den asteko osoko bilkuran udalak erabaki zuen Iridoy ontziolaren lokala alokatzea, eta egun arraun elkarteak okupatzen duen lokaleko jabeekin kontratua ez luzatzea. PSE-EE abstenitu egin zen, eta gainontzeko udal taldeek (EAJ, Bildu, Hamaikabat eta PP), alde bozkatu zuten. Lokal berria «handiagoa, merkeagoa eta erosoagoa» dela baieztatu zuen gobernu taldeak. Eraikin berriaren azalera 600 metro koadrokoa da, 275 metro koadroko solairuartea du, eta kanpoaldean beste 875 metro koadroko eremua du. Aitor Kerejeta alkateak azaldu zuenez, «arraun elkartearentzat leku paregabea da, eta udalarentzako oraingoa baino merkeagoa». Izan ere, egun 3.584 euro ordaintzen baditu hilero, lokal berriaren alokairua 2.500 eurokoa izango da. Hil honetan sinatuko duten kontratua zazpi urte artekoa da, eta udalak eraikina erosteko aukera izango du, milioi bat euroan, salmenta aukera gauzatu arte alokairuagatik ordaindutako dirua kenduta. Oposizioko talde nagusiak, Bilduk, alde bozkatu zuen, baina Ibai Labaien bozeramailearen esanetan, «zapore gazi-gozoarekin» egin zuten hori. «Guretzat gai interesgarria izan zitekeen, baina beste behin hutsuneak daude proposamenean». Hainbat gabezia aipatu zituen Labaienek, besteak beste, udal arkitektoaren txostena falta zela. Alkateak emandako azalpenek ez zituen Bildukoak asebete, baina alde bozkatzea erabaki zuten azkenean. Bilduk eraikin berrirako kirol plangintza osatuago bat galdegin zuen, biltegi hutsa [...]
Hondarribia Arraun Elkarteak leku berria izango du ontziak gordetzeko. Joan den asteko osoko bilkuran udalak erabaki zuen Iridoy ontziolaren lokala alokatzea, eta egun arraun elkarteak okupatzen duen lokaleko jabeekin kontratua ez luzatzea. PSE-EE abstenitu egin zen, eta gainontzeko udal taldeek (EAJ, Bildu, Hamaikabat eta PP), alde bozkatu zuten. Lokal berria «handiagoa, merkeagoa eta erosoagoa» dela baieztatu zuen gobernu taldeak.
Eraikin berriaren azalera 600 metro koadrokoa da, 275 metro koadroko solairuartea du, eta kanpoaldean beste 875 metro koadroko eremua du. Aitor Kerejeta alkateak azaldu zuenez, «arraun elkartearentzat leku paregabea da, eta udalarentzako oraingoa baino merkeagoa». Izan ere, egun 3.584 euro ordaintzen baditu hilero, lokal berriaren alokairua 2.500 eurokoa izango da. Hil honetan sinatuko duten kontratua zazpi urte artekoa da, eta udalak eraikina erosteko aukera izango du, milioi bat euroan, salmenta aukera gauzatu arte alokairuagatik ordaindutako dirua kenduta.
Oposizioko talde nagusiak, Bilduk, alde bozkatu zuen, baina Ibai Labaien bozeramailearen esanetan, «zapore gazi-gozoarekin» egin zuten hori. «Guretzat gai interesgarria izan zitekeen, baina beste behin hutsuneak daude proposamenean». Hainbat gabezia aipatu zituen Labaienek, besteak beste, udal arkitektoaren txostena falta zela. Alkateak emandako azalpenek ez zituen Bildukoak asebete, baina alde bozkatzea erabaki zuten azkenean. Bilduk eraikin berrirako kirol plangintza osatuago bat galdegin zuen, biltegi hutsa izateaz harago, eta «beste kirol jarduerekin bateragarria izatea, nahiz eta arraun elkarteak instalazioen zati handiena erabili». Udal gobernuak eskatutakoarekin adostasuna agertu zuen.
Aurrekontuak faltan
Abstenitu ziren bakarrak bi zinegotzi sozialistak izan ziren. Iosu Alvarezek esan zuenez, «eraikinaren peritoen balorazioa» falta zelako abstenitu zen. Maiatzeko kirol batzordean txosten ekonomikorik ez zela erakutsi eta ondorengo txostenean maiatza baino lehenagoko aurrekontuak txertatu zirelako ere kexu agertu zen.
Txomin Sagarzazu Kirol zinegotziak batzorde hartan aurrekontuak falta izan zirela eta ardura berea zela onartu zuen, baina gerora udal taldeei beharrezko informazio guztia banatu zitzaiela gaineratu zuen. «Pentsatu behar dugu gaia luzatzeak mesede egiten digun ala ez, batez ere herritarrei», adierazi zuen.
