Hitz gurutzatuak, garaipena lortzeko bide zuzenena Xabier Azkuerentzat
Hitzak gurutzatuta egonagatik, garaipen bat lortzeko biderik zuzenena zein den frogatu du Hondarribian bizi den Xabier Azkue zumaiarrak. Izan ere, joan den larunbatean jokatu zuten Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketan onena izatea lortu zuen Azkuek. Irungo Meaka auzoko Ola sagardotegian izan zen lehiaketa. Hirugarren aldiz hartu zuen parte Luma aldizkariak antolatzen duen txapelketan, eta aurreko bietan bestelako emaitzak lortu zituen. «Lehenenegoan ez nuen lortu finalera sailkatzea, iaz finalean izan nintzen eta hirugarren geratu nintzen, eta aurten txapela», adierazi zuen irabazleak. Finalean ez zen izan hutsuneak azkarren bete zituena, baina bai akatsik egin ez zuen bakarra. «Besteek bukatu duten arte ez nekien akatsak zituzten edo ez», azaldu zuen. «Ni trabatuta geratu naiz hitz batekin, gaizki nuen, eta hori ezabatu arte egon naiz trabatuta. Konturatu naizenean eta ezabatu dudanean askoz hobeto ibili naiz, baina justu-justu lortu dut amaitzea ordubeteko tartean». Azkueren atzetik, bigarren, Donezteben bizi den Oier Zulaika gasteiztarra izan zen (bi akats), hirugarrena Javier Altuna getxoztarra (lau) eta laugarrena Beñat Muguruza irundarra (zazpi). 36 parte hartzaile 36 jokalarik hartu dute parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketaren seigarren ekitaldian. Horietatik finalerdira hamasei pasatu ziren, eta lau onenak lehiatu ziren finalean. Altuna bizkaitarrak bukatu zuen aurrena, 49 minutu eta erdian, ondoren Zulaikak [...]
Hitzak gurutzatuta egonagatik, garaipen bat lortzeko biderik zuzenena zein den frogatu du Hondarribian bizi den Xabier Azkue zumaiarrak. Izan ere, joan den larunbatean jokatu zuten Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketan onena izatea lortu zuen Azkuek. Irungo Meaka auzoko Ola sagardotegian izan zen lehiaketa.
Hirugarren aldiz hartu zuen parte Luma aldizkariak antolatzen duen txapelketan, eta aurreko bietan bestelako emaitzak lortu zituen. «Lehenenegoan ez nuen lortu finalera sailkatzea, iaz finalean izan nintzen eta hirugarren geratu nintzen, eta aurten txapela», adierazi zuen irabazleak. Finalean ez zen izan hutsuneak azkarren bete zituena, baina bai akatsik egin ez zuen bakarra. «Besteek bukatu duten arte ez nekien akatsak zituzten edo ez», azaldu zuen. «Ni trabatuta geratu naiz hitz batekin, gaizki nuen, eta hori ezabatu arte egon naiz trabatuta. Konturatu naizenean eta ezabatu dudanean askoz hobeto ibili naiz, baina justu-justu lortu dut amaitzea ordubeteko tartean».
Azkueren atzetik, bigarren, Donezteben bizi den Oier Zulaika gasteiztarra izan zen (bi akats), hirugarrena Javier Altuna getxoztarra (lau) eta laugarrena Beñat Muguruza irundarra (zazpi).
36 parte hartzaile
36 jokalarik hartu dute parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketaren seigarren ekitaldian. Horietatik finalerdira hamasei pasatu ziren, eta lau onenak lehiatu ziren finalean. Altuna bizkaitarrak bukatu zuen aurrena, 49 minutu eta erdian, ondoren Zulaikak (50:11). Denboraz hirugarrena izan zen Azkue (56:30) eta laugarrena Muguruza irundarra (ordubete zehatz-mehatz).
Baina azkarra izateaz gain, antolatzaileek asmatutako definizioak egoki erantzun behar ziren, eta horretan bakarra izan zen zumaiarra. «Txapelketaren ezaugarri nagusiena honakoa da, definizioak askotan txisteak direla, hitz-jokoak, bigarren eta batzuetan hirugarren zentzua harrapatu behar diezula. Ohiko definizioak ez dituzte bilatzen, hitz jokoekin-eta jokatzen dute asko, eta zaila da batzuetan».
Denbora-pasen zalea da Azkue zumaiarra, eta, larunbatekoa, lehiaketa baino gehiago, egun pasa izan zela esan du. Bere ustez, Irungo Luma aldizkariak ekarpen polita egiten dio hizkuntzari: «Ekarpen polita egiten dio, gaztelaniaz edo beste hizkuntzetan badaudelako horrelako aldizkari asko, baina euskaraz bakarra da Luma. Txapelketak aukera ematen digu zaleei elkartu eta lehia sanoan aritzeko. Azken hori nabarmendu nahiko nuke, hau lehiaketa baino, gehiago topaketa bezala ulertzen dudalako nik».
