2013ko ordenantza fiskalak onartu ditu Udalbatzak behin betiko
Lurzoru industrialetako tasa igotzeko emendakina sartu du Bilduk, termikaren desegituratzearen harira Pasaiako Udalak datorren urteko ordenantza fiskalak zehaztu ditu. Herenegun onartu zituzten behin betiko, Trintxerpeko alkateordetzan egindako ezohiko udalbatzarrean. Hiru aldaketa zeuden aurreikusita. Alde batetik, urriko plenoan onartutako akats tekniko bat konpondu zuten, Bildu eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin. Bestetik, udaltzainek egindako proposamen bat aztertu zuten, kaleetan jartzen diren eta txanponez funtzionatzen duten makinen gainekoa. Ordaindu beharrekoaren koefizientea unitatetik 0,5era jaitsiko litzateke. Askoz korapilatsuagoa izan zen PSE-EEk higiezinen gaineko zerga igotzeari jarritako emendakina aztertu zutenean. Herrian etxebizitza hutsak dituztenei zerga %150 igotzearen kontra proposamena egin zuten. Horrek Espainiako Konstituzioaren atal bat urratzen dutela uste dute sozialistek, «pertsonek duten bizitokia aukeratzeko eskubidea» urratzearena, hain zuzen ere (19. artikuluan). Ogasun zinegotzi Jose Luis Sanzek erantzun zien Pasaiatik kanpo bizi direnen interesak defendatzen zituztela, eta udalerrian norbaitek etxe hutsen bat balu, zerga igotzearen helburua berau alokairuan jartzea bultzatzea dela. Gainera, jasoko den dirua pasaitarrei bideratuko zaiela argitu zuen. Ezker Anitzako Xabier Pombok, berriz, sozialistei esan zien ezin dela «ezkerreko ikuspuntu batetik» higiezinak pilatzea defendatu. Urriko plenoan aurrera atera zen gehiengo osoz udal zergak igotzea, PPko eta PSEko zinegotziek udalbatzarra utzi zutelako. Bixen Itxaso sozialistak Pombori zein EAJko zinegotziei esan zien herenegun zutela aukera [...]
Lurzoru industrialetako tasa igotzeko emendakina sartu du Bilduk, termikaren desegituratzearen harira
Pasaiako Udalak datorren urteko ordenantza fiskalak zehaztu ditu. Herenegun onartu zituzten behin betiko, Trintxerpeko alkateordetzan egindako ezohiko udalbatzarrean.
Hiru aldaketa zeuden aurreikusita. Alde batetik, urriko plenoan onartutako akats tekniko bat konpondu zuten, Bildu eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin. Bestetik, udaltzainek egindako proposamen bat aztertu zuten, kaleetan jartzen diren eta txanponez funtzionatzen duten makinen gainekoa. Ordaindu beharrekoaren koefizientea unitatetik 0,5era jaitsiko litzateke.
Askoz korapilatsuagoa izan zen PSE-EEk higiezinen gaineko zerga igotzeari jarritako emendakina aztertu zutenean. Herrian etxebizitza hutsak dituztenei zerga %150 igotzearen kontra proposamena egin zuten. Horrek Espainiako Konstituzioaren atal bat urratzen dutela uste dute sozialistek, «pertsonek duten bizitokia aukeratzeko eskubidea» urratzearena, hain zuzen ere (19. artikuluan). Ogasun zinegotzi Jose Luis Sanzek erantzun zien Pasaiatik kanpo bizi direnen interesak defendatzen zituztela, eta udalerrian norbaitek etxe hutsen bat balu, zerga igotzearen helburua berau alokairuan jartzea bultzatzea dela. Gainera, jasoko den dirua pasaitarrei bideratuko zaiela argitu zuen. Ezker Anitzako Xabier Pombok, berriz, sozialistei esan zien ezin dela «ezkerreko ikuspuntu batetik» higiezinak pilatzea defendatu.
Urriko plenoan aurrera atera zen gehiengo osoz udal zergak igotzea, PPko eta PSEko zinegotziek udalbatzarra utzi zutelako. Bixen Itxaso sozialistak Pombori zein EAJko zinegotziei esan zien herenegun zutela aukera proposamena bertan behera uzteko. Pombok azaldu zien ez zirela zergak ezer ere ez igotzeko «planteamenduan» eroriko, urrian «arduragabekeriaz» jokatu zutelako. EAJko Nahikari Oterminek sozialistei leporatu zien errua gainontzekoen bizkarrean jarri nahi zutela. Emendakina bertan behera uzteko bozketan abstenitu egin ziren jeltzaleak, eta Bilduk eta Ezker Anitzak alde egin zuten. PPren botoak, PSEren kontrakoei batu zitzaizkien.
Gainontzeko ordenantzei talde sozialistak egindako emendakinak bertan behera utzi zituzten Bilduren aldeko botoekin (PP eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten).
Azkenik, ordenantza fiskalen alorrari dagokionez, Bilduk azken orduan aurkeztutako emendakin bat aztertu zuten. Horrela, termikoaren itxiera dela eta, lurzoru industrialean edo hirugarren sektorekoetan dauden ondasun higiezinei gehienez milako 6ko tipoa jartzea proposatu zuten. Itxasok hori inolako txostenik gabe eta azken orduan aurkeztea kritikatu zuen: «Orritxo bat izatea iraingarria da».
Amaia Agirregabiria alkateak tasa hori beste herrietakoari berdintzeko dela ihardetsi zion. «Zergatik ekarri dugun gaur? Ohiane [Oronoz, Donibaneko alkateordea] termikoaren itxiera aztertzen ari zen, eta aukera hori dagoela ikusi dugu. Herritarrek ordaindu beharrean, hobeto da lurzoru industrialekoek ordaintzea; ezin genuen tren hori galdu». Bildu eta Ezker Anitzaren botoekin atera zen aurrera emendakina (jeltzaleak abstenitu ziren).
Politikarien soldatak
Langile publikoei egin zaizkien murrizketak ere izan zituzten hizpide. Horrela, ordezkari politikoen soldatak (lanaldi osoa edo partziala dutenek) langile publikoenarekin berdinduko dira. Horrela, murrizketak baleude, edo greba egunetan eguneko soldata deskontatzeko garaian, eurei ere eragingo die. Aho batez onartu zen proposamena.
Ia erabateko adostasuna egon zen kale eta plaza berriei izena jartzerakoan ere. Bidasoa Goiako kale berriari Larrabide izena jarriko diote (ondoan zegoen baserriagatik), eta Velascon egingo duten plazari Nabarra Bouarena. Izan ere, 1936ko gerran pasaitar asko hil ziren «askatasunaren defentsan». Itsasontzia Pysbekoa zen.
PSE-EEk tasa judizialak ordaintzearen kontrako mozioa aurkeztu zuen. PPk izan ezik, gainontzekoek alde bozkatu zuten. Bilduk justizia «euskalduna, adierazpen askatasuna bermatuko duena eta benetakoa» izateko eskaera egin zuen, eta Oreretako bost gazteei elkartasuna adierazi zien. Donibaneko eraikin balioanitzaren 2. eta 3. kontratazio faseari ere hasiera eman eman zioten, PPren abstentzioarekin.

