Dan Forrest konpositore estatubatuarraren hamar pieza jaso dituzte diskoan, eta, horietako bat, estreinaldia da. Jada salgai dago, hamabost euroren truke.
Gaur egin dute diskoaren aurkezpena, Errenteria-Oreretako udaletxea. Dan Forresten hamar pieza jaso dituzte bertan. Iñaki Tolaretxipi Landarbaso abesbatzako zuzendariak diskoaren prozesu osoa azaldu du. “Iazko urrian Euskadiko Orkestra Sinfonikoa —bertako kideek osatzen dute Kaabestri— gurekin jarri zen harremanetan, abenduaren 14an Eguberri kutsua zuten abestiekin kontzertua egiteko gonbidatuz”. Tolaretxipik azaldu duenez, matineea eman baino bi aste lehenago 500 sarrerak agortu ziren.
Balenciaga, Tolaretxipi, Gysling eta Barandiaran
Kontzertua osatzeko Dan Forrest konpositore estatubatuarrarekin jarri ziren harremanetan. “Bere konposiziorik ez zen abestu Europan ordura arte”, jakinarazi du, eta primizia eman du: diskoko
Benedictus abestia estreinaldia da. Jaso zituzten kritika onak zirela eta, disko bat grabatzea proposatu zieten Landarbaso eta Kaabestriri. Otsailean grabatu zuten diskoa, eta orain aurkeztea erabaki dute, Eguberrietako abestiak dituelako.
“Atsegingarria eta zorrotza”
Julitxu Gysling Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko presidenteak hartu du hitza ondoren. “Orain dela hogei urte, Argentinatik iritsi nintzenean”, gogorarazi du Gyslingek, “Landarbaso abesbatzan hasi nintzen. Korua ilargien faseak bezalakoa da: ez da inoiz hiltzen, eta gorakada eta beherakadak ditu”. Gaur egun gorakada hartu duela zehaztu du. Diskoa hiru aldiz entzun duela adierazi du Gyslingek, eta “atsegingarria eta zorrotza” dela uste du, “sentsazio onak sorrarazten dituenak”. Gainera, Landarbaso abesbatzak Errenteria-Oreretaren eta Euskal Herriaren izena munduan zehar eramaten duela baietsi du.
Esther Barandiaran aritu da pianista moduan. Tolaretxipik deitu zionean, “ilusio handia” egin ziola onartu du. “Lan fina eta zehatza izan da, eta dena ematen saiatu gara”, adierazi du pianistak. “Oso kontent eta harro nago emaitzarekin. Lan biribila da”, gaineratu du Barandiaranek.
Irune Balentziaga Kultura zinegotziak, bere aldetik, lana eskertu die: “Proiektuaren atzean dauden emozio eta baloreak txalotu behar dira. Lan eta dedikazio handia egon da. Ahal den neurrian babesten jarraituko dugu”.
Diskoa erosteko
abesbatzaren webgunean edo Facebook orrialdera jo daiteke. Emango dituzten kontzertuetan ere salgai egongo da. Horrez gain, Xenpelar kulturdendan izango da eskuragarri, hamabost euroren truke. Mila aleko edizioa da.