Papresa, Beissier, Jose Luis Insausti, Juneren Hegoak eta Hibaika omenduko dituzte. 18:00etan gelditu dira Ereintzaren egoitzan, eta Juli kafetegian hasiko dute tabernaz tabernako buelta.
Santa Ageda bezpera izaki, Ereintza taldeak, euren elkarteko txistulariak eta Jon Pombar soinujolea lagun dituela koplak abestuko ditu gaur arratsaldean. Zita 18:00etan jarri dute, euren egoitzan, eta herriko hainbat txoko eta taberna bisitatuko dituzte.
18:20ean, Juli kafetegira iritsiko dira eta, ondoren, 18:35ean, Xabier Olaskoaga plazara iritsiko dira. Bertan, Ereintza eta beste hainbat elkarteren babesle den Beissier enpresari abestuko diote. Jarraian, Jose Luis Insaustiri abestuko diote Xenpelarren eskulturan (18:50ean).
Bertso eskola eta beste hainbat eragilerekin elkartuko dira bertan.
Ondoren, Leku Zaharra taberna bisitatu —19:05—, eta Mikelazulon Juneren Hegoak elkartea omenduko dute. Donosti sagardotegira joko dute (19:42ean iritsiko dira), eta Onena tabernan paper fabrikari buruzko koplak abestuko dituzte, 125 urte daramatzala gogoraraziz. Maite tabernara abiatuko dira gero —20:25— eta Irrintzi tabernatik pasatuta, Hibaikako arraunlariei eskerrak emango dizkiete (20:50). Ekitaldi horretan gainontzeko koplariekin elkartuko dira.
Amaia Agirre ariko da bertsolari lanetan, eta Xabier Vesgak zuzenduko du taldea. Bertsoaren egileak Sabin Irastorza, Julian Albistur eta Mikel Ugalde dira.