Gaur hasiko da Lezoko aste pedagogiko musikala, abesbatzen kontzertuarekin . Bihar banden topaketa egingo dute, eta etzi The Romanticos taldeak blues kontzertua emango du
Gaur arratsaldean hasiko da Lesoinu Lezoko aste musikal pedagogikoaren 31. ekitaldia. Ibilbide luzean erreferente bilakatu da musika ardatz duten jardueren sorta.
Bi abesbatzek emango duten kontzertuarekin hasiko da Lesoinu. Alde batetik, herriko Sutargi abesbatza ariko da, eta, gonbidatu bezala, Hendaiako Entzun. Saioa 19:00etan hasiko da, Gezala Auditoriumean.
Lezoko bandaren 25. urteurrena ospatuko dute bihar.
Bihar, berriz, erregistro aldaketa izango du Lezoko musikaldiak. Horrela, musika banden topaketa egingo dute arratsaldez. Izan ere, aurten mende laurdena beteko duen Tomas Garbizu Musika Eskolako bandak. Hori ospatzeko, Tolosako eta Errenteria-Oreretako musika bandak gonbidatuko dituzte.
Gurutze Santuaren plazan elkartuko dira, 18:00etan. Bertatik ateratzen diren hiru kaleetan zehar —Donibane, Kale Nagusia eta Zubitxo— banatuko dira bandak, eta kalejira egin ondoren, abiapuntuan elkartuko dira berriro. Musika banda bakoitzak hiruna pieza interpretatuko ditu, eta beste hiru elkarrekin joko dituzte.
Bluesa, igandean
Tomas Garbizu Musika Eskolak, programaren arkitektura diseinatzean, musika berriak sartzea erabaki zuen, antzeko beste musikaldietan egiten duten bezala. Horrela, gospel, jazz eta blues kontzertu bana sartu dituzte programan.
Horietan lehena izango da etziko blues kontzertua. The Romanticos hirukotea Gezalako oholtzara igoko da, 19:00etan. Iker Piris gitarrista tolosarrak Riky Avila eta Adrian Carrera madrildarrekin batera osatutako taldea da. Bluesa ez ezik, funk, soul eta swing doinuak ere uztartzen dituzte.
Aurtengo Lesoinuk, asteburuko ekitaldiez gain,
beste hamalau izango ditu.