Ibon Intxaurrandieta: "Mendiko lasterketak kirola dira, baina mendia zaindu behar da"
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren antolakuntza taldeko kidea da Ibon Intxaurrandieta. Igandean da urtetik urtera arrakasta lortzen ari den lasterketa.
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren antolakuntza taldeko kidea da Ibon Intxaurrandieta. Igandean da urtetik urtera izen emateetan arrakasta handia lortzen ari den lasterketa. Joan den asteko ostiralean aurkeztu zuten proba. HITZAk hainbat gairen gainean sakondu egin du Ibon Intxaurrandietarekin.
Seigarren urtea du Lezo-Jaizkibelek, eta seigarrenez ordu gutxitan agortu egin ziren dortsalak. Zein da lasterketaren arrakastaren arrazoia?
Ez dakit, guk ere ez dugu oso garbi zergatik den hori. Izena emateko urtarrilaren 1eko data jarri genuen, data bat jarri behar zelako besterik gabe. Lasterketa otsailean da, eta izen emateen zabaltzea urteko lehen egunean jartzea erabaki genuen. Mendiko lasterketen sasoi hasieran dago gure lasterketa, ibilbidea ez da oso gogorra, korri egiteko modukoa da, eta askorentzat mendiko lasterketetan hasteko aukera da. Urte Zaharrean izena emate horrek, mahatsak jan bitartean apuntatzen ibili behar horrek, beharbada familia askotan haserreak eragin ditu… [barrez].
Eta izena emandakoen artetik, lezoarrak gehiengo.
Asko pozten gaitu horrek. Korrikalari talde bateko kide gara, eta beti izan genuen asmoa mendiko lasterketaren bat antolatzeko, ‘egunen batean egingo dugu zerbait’, esaten genuen. Jaizkibelek aukerak ematen ditu mendiko lasterketa bat egiteko, eta nire ustea da nahiz eta Jaizkibel ondoan izan, pixkat bizkarrera izan dugula lezoarrok. Gure asmoa izan da herritarrak Jaizkibelera hurbiltzea, eta guretzat garrantzitsua da herriko jendeak gogo hori izatea herriko lasterketan parte hartzeko. Herriko 65 lasterkari izango dira aurten, 150 boluntario, jende gazteak parte hartuko du… Egia da ere jende askok lasterketa hau besterik ez duela egiten, hau da, herriko lasterketa delako hau prestatzen duela soilik eta ez duela beste batzuetan parte hartzen. Baina guretzat garrantzitsua da herritarrek sentitzea hau berea bezala.
2014ko lehen ediziotik aurtengora bikoiztu egin da emakumeen parte hartzea.
Lehen esan dudanarekin lotura du emakumeen parte hartzearen hazkundeak: ez da lasterketa luzea, ibilbidea egokia da denentzat. Agian, luzeagoa balitz, ez lirateke hainbeste emakume animatuko beste mendiko lasterketa luzeagotan gertatzen den bezala. Mendiko lasterketa bat da, bai, baina lasai egin nahi duenak, horretarako aukera ere badu. Erakargarri da hasiberrientzat. Eta guretzat pozik egoteko modukoa da, oso, emakumeen partaidetzak urtetik urtera izan duen hazkundea.
Jaizkibel errespetatu. Hori lehen ediziotik nabarmendu duzuen ideia da.
Lasterketa batekin balio asko landu daitezke: auzolana, elkarlana, ingurumenarekin errespetua, inguruaren ezagutza… Jaizkibel ez da atletismo pista bat, eta mendia ezagutzen den heinean bertan dabiltzanek errespetatu eta maitatuko dute. Gu hori bultzatzen saiatzen gara: mendiko lasterketak kirola dira, bai, baina mendia zaindu behar da. Aurten neurri gehiago hartu ditugu mendia errespeta dadin.
Azken urteetan gazteen lasterketa bultzatu nahian ibili zarete, baina Lezo-Jaizkibelek hutsunerik badu, hori da bat: gazteen lasterketan partaide gutxi izaten direla. Helduentzako al dira mendiko lasterketak?
Gazteena azkenean aurten ez dugu egingo. Lau urtez era batera edo bestera saiatu gara horri bultzada ematen, baina ez dugu lortu. Mendiko lasterketak gazteenen artean ez daude sustraituta. Egin izan ditugu hainbatekin harremanak lasterketa hori indartze aldera, baina ezin. Gainera, atletismoan dabiltzan gazteak kros sasoi bete-betean daude, txapelketen aroan daude, eta zaila da zentzu horretan gazteak gurera erakartzea. Katalunia aldean badaude mendiko lasterketen eskolak eta horrelakoak, han aurreratuago daude. Zegama-Aizkorri batean ateratzen diren gazteen artetik gehienak ez dira Gipuzkoakoak, 40 partaide badaude, hamar bat izaten dira gipuzkoarrak; besteak madrildarrak edo Kataluniakoak dira gehienbat. Nahi zutenentzat aukera bat eman genuen, baina gazteen lasterketan hiru pertsona ateratzea ez da ona ez haientzat, ez guretzat.
Gazteena galdu, baina ikus-entzunezkoen esparrua irabazi. Gaur, lehenengoz, Lezon Mendi Film izango da, Lezo-Jaizkibeli lotutako ikus-entzunezkoen emanaldia.
Beti izan dugu buruan horrelako zerbait egitea, eta lasterketaz aparte, zerbait gehiago egitea. Gustuko dugu urtetik urtera gauza berriak egitea, eta ideia hau atera zen. Trail munduko dokumental bat emango dugu; beharbada gazteen lasterketarekin antzera gertatzen da, ez dela inor ere azaltzen… Aukerak ematea gustuko dugu, indarrak ondo neurtuta eta ito gabe gauza berriak eskaini. Emanaldira jendea badator hurrengo urtean ere antzeko zerbait egin beharko dugu!