[Erreportajea] Pasai Donibanetik Ameriketara
XV-XVI. mendeko euskal marinelen gaineko ikerketa baten harira, Colonekin batera bidaiatzen aritutako pasaitar baten istorioa berreskuratu du Joakin Bengoetxea errenteriarrak.
Cristobal Colon edo Juan Sebastian Elkano izen aski ezagunak dira, baina alboan oraindik ere izenik gabeko ehunka marinel, kapitain eta laguntzaile izan zituzten. Horietako asko, gainera, euskaldunak izan zirela ondorioztatu berri dute zenbait ikerlarik Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen azken buletinean bildutako azterketetan.
XVI. mendean aditu den Joakin Bengoetxea errenteriarrak eman dio hasiera azterketa horri, Anton de Escalante: Diez años de descubrimientos en las Indias izeneko ikerketarekin. Argitalpena Juan Sebastian Elkanok munduari emandako biraren 500. urteurrenaren harira kaleratu dute. Bereziki getariarraren bidaien liburua izan arren, euskaldunen eta itsasoaren arteko lotura estu horri heltzeko atzera bota behar izan dute begirada, Colonen bigarren bidai handira zehazki. Hala, Bengoetxearen ikerketa lanari esker jada jakina da Colonen alboan, ukondoz ukondo, pasaitar bat izan zela: Anton de Escalante.
70 orritan, Escalantek 1492tik 1502ra bitarte bizitutako bidaia eta abenturak jaso ditu Bengoetxeak, datu eta mapa zehatzekin batera. Ondorengo ehunka orrietan, berriz, Elkanorekin batera aritutako euskaldunen historia berreskuratu dute aditu ugarik.
Beste euskaldun asko bezalaxe, pasaitarra Ameriken kolonizazio bidaietan funtsezkoa izan zela azaldu du ikerlariak. «Colonen bigarren bidaia Escalanteren ontzian egin zuten, Maria Galanta izeneko ontzi batean. 1493ko irailetik 1496ra bitarte elkarrekin nabigatzen aritu ziren», azaldu du. Escalante egungo Pasai Donibaneko bizilaguna zela ondorioztatu du Bengoetxeak, eta orain arte, itzalean egon dela bere istorio berezia. «Uste dut ez duela inork ezagutzen, erabat ezezaguna dela pasaitar guztientzat».
Colonekin batera, europarrek sekula zapaldu ez zuten lurraldeetara iritsi zela dio errenteriarraren ikerketak. Hiru urte luzeko tarte horretan, Antilla irlak eta egungo Dominikar Errepublikaraino iristeko aukera izan zuten. Gaur egun, oraindik ere Maria Galanta izeneko irla bat han aurki daitekeela nabarmendu du Bengoetxeak. «Pasaitarrak izan zuen garrantziaren adibide argi bat da hori».
Bidaia garrantzitsuena
Hiru urteko zeharkaldi hori garrantzitsua izan zela dioen arren, 1501. urtean pasaitarrak egindakoa are garrantzitsuagoa izan zela nabarmendu du adituak. «Herrialde asko aurkitu ondoren, aurkikuntza eta erreskate izenpean bidaia ugari egin zituzten, Colon gabe. Eta Escalante bertan izan zen». Bidai haiek Martin de Munior hondarribiarrarekin batera egin zituela dio, eta euren kabuz, besteak beste, egungo Kolonbia eta Panama aurkitzeko gai izan zirela.
Colonekin egindako bidaien aurretik De Escalante esperientzia handiko kapitaina zela kontatu du Bengoetxeak, «errekonozimendu handiko kapitaina zen, primerako marinela». Ameriketarako bidea hartu baino lehen, Atlantikoan, Ingalaterran edota Mediterraneoan zehar bidaia luze eta arriskutsu ugari egin zituela azaldu du.
Pasaiaz gain, eskualde osoak historikoki itsasoarekin lotura berezia izan duela nabarmendu du ikerlariak, bereziki egungo Errenteria-Oreretak. Gainera, Bengoetxeak jasotako milaka dokumentu horietan herriko zein eskualde osoko ehunka maisu, kapitain eta marinelen erreferentziak biltzen joan da etengabe. Hurrengo pausoa, eskualdeko arbasoen historiak berreskuratzen jarraitzea izango da.